Iragarri moduan, eguerdira heldu aurretik, txalapartaren herrian bilakatua zen Usurbil, larunbat honetan, azaroaren 14an. Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko jaialdian murgildu ziren Mikel Laboa plazan. Aurreko edizioen antzera, lehenbizi, herri erromeria antolatu zuten eremu horretan.
Hitzorduari solemnitate nabarmenarekin ekin zioten, adarjoleekin nahiz txalapartaren kulturari eskutik lotutako sendien ttakun hotsen eskutik. Zuaznabartarrak, Goikoetxeatarrak, Zabalegitarrak gonbidatu zituzten hitzordura.
Hortik aurrera, iluntzera arte, etenik gabekoak izan ziren txalaparta joaldiak. Txalapartarekin batera, bestelako instrumentuak ere entzungai izan genituen. Adar deiarekin ekin zioten jaialdiari, edota bidelagun izan zituzten albokariak.