Txalaparta Festa

Askotariko joaldi eta jotzaileak, txalapartaren erromerian

Noaua Aldizkaria

Bi ordu pasatxoko herri erromeria izan zuen abiapuntu, larunbateko, azaroaren 14ko Txalaparta Festak. Tarte horretan, ttakun hotsek ez zuten etenik izan minutu bakar batez.

Bi orduko etenik gabeko "maratoia" bizi izan genuen larunbatean, azaroaren 14an, Jexux Artze Kultur Elkarteak Mikel Laboa plazan antolaturiko Txalaparta Festaren abiatzean. Aurreko edizioen antzetik, instrumentu hau plazara atera eta jaialdiaren erdigunean kokatu zuten, ikusteko, entzuteko nahiz ukitu eta nahi zuenak jotzeko.

Eguerdiko 12:00ak aurretik hasitako herri erromeria ospatu zuten lehenik, frontoi atzealdean. Hasi, segi eta etenik gabe jarraitu zuten bi orduz. Tarte horretan, txalaparta jotzeko askotariko moduak ikusi genituen, askotariko jotzaileak. Txalapartarekin batera, dultzaina eta pandero joleek ere girotu zuten tarte hori.

Hitzorduak, Usurbilgo eta Oiartzungo instrumentuon eskoletako ikasle eta irakasleak batu zituen, baita jotzaile ezagun gehiago ere. Bisitari eta herrikideak erakarritako herri erromerian ez zen etenik izan. Etenik gabe, plazaren txoko ezberdinak girotu zituzten ttakun doinuek.

Irudion bidez ikusi eta entzun daitekeen moduan, txalaparta gogotik sentitu zen beste urte batez, Mikel Laboa plazan.