Txalaparta Festa

Jaialdia, Jexux Artze Txalaparta Eskolakoen erakusleihoa

Noaua Aldizkaria

Herriko txalapartarien iaiotasuna nabarmendu du, Jexux Artze Kultur Elkarteak larunbat honetan, azaroaren 14an antolaturiko jaialdiak.

Herrian bada txalapartarien harrobia. Albiste honi atxikitako irudiok dituzue horren guztiaren lekuko argienak. Jexux Artze K.E.-k larunbat honetan, azaroaren 14an antolaturiko Txalaparta Festaren baitan, izen bereko eskolan dihardutenek haien lanketa plazaratzeko aukera izan zuten.

Berez, ibiltaria izan behar zuen arratsalde parteko emanaldi sortari hasiera eman behar zioten. Euria tarteko, ordea, aterpean, frontoian eskaini zuten emanaldia, urtean zehar, Zumarte Musika Eskolan txalapartaz gozatzen eta musika instrumentu horretan trebatzen dihardutenek.

Ikasleotako bat baino gehiago, goizeko herri erromerian aritu ziren txalaparta gogotik jotzen, era librean. Arratsaldekoa, nolabait esatearren, saio ofizialagoa, arautuagoa, aurrez prestaturikoa izan zen. Laburbilduz, urtean zehar Zumarte Musika Eskolaren egoitzan landutakoa lau hormetatik atera, plazaratu eta ikusgarri egiten lagundu zuen hitzordu horrek.

Emanaldi ederra osatu zuten Jexux Artze Eskolako kideek.