Txalaparta Festa

Txalapartaren kulturak Usurbil eta Oiartzun senidetu ditu

Noaua Aldizkaria

Aurrez iragarritako Usurbilgo eta Oiartzungo herrien senidetzea irudikatu zuten larunbateko Jexux Artze K.E.-ren Txalaparta Festan.

Txalapartaren bidez, harreman sendoa zuten jada Usurbilgo eta Oiartzungo herriek. Hartueman horretan, orain, beste aurrerapauso bat eman dute. Izan ere, harremantzetik senidetzera igaro dira bi herriok, Jexux Artze Kultur Elkarteak larunbat honetan, azaroaren 14an, antolaturiko Txalaparta Festaren baitan.

Jaialdiaren aurtengo edizioa iragartzerakoan jakinarazi zuten, harreman sendotze hori gauzatu nahi zutela. Larunbat arratsalderako prestaturiko emanaldi ibiltarien zikloaren baitan, hasteko Jexux Artze Txalaparta Eskolakoek haien erakustaldia egin zuten frontoian. Segidan, goizetik jaialdian parte hartzen aritutako Oiartzungo Makilakixki eskolakoen txanda heldu zen, Sutegi kultur-etxearen sarreran. 

Une horretan hartu zuen hitza, eskola hartako ordezkari eta Oreka TX taldeko kide Harkaitz Martinez de San Vicentek. Berak egoki azaldu moduan, "naturalki, aurreko urteetan, harremana izan dugu Usurbilen eta Oiartzunen artean".

2027an, Oiartzunen
Gogora ekarri zuen moduan, "zorionez, geroz eta txalaparta festa gehiago daude". Baina horregatik hain zuzen, "Oiartzunen, beste txalaparta festa bat egutegian sartzea gehiegi iruditzen zitzaigun". Ondorioz, "Usurbilen eta Oiartzunen pentsatu dugu", jaialdi hau txandaka antolatzea; "urte batean, Usurbilen egingo dugu eta Oiartzundik etorriko gara laguntzera".  Aurtengoan, oiartzuarrak izan dira Usurbilen. 2027an, honenbestez, bi herriok sustaturiko Txalaparta Festa Oiartzunen ospatuko dute, ez Usurbilen. Usurbildarrak hara joango dira jaialdia antolatzen lagundu eta txalapartari gisa parte hartzera. "Pozik gaude ekimen horrekin. Iruditzen zaigu, gainera, antzekotasun handiak ditugula elkarren artean eta bi eskolak elkar elikatuko direla nolabait ere, ikasleen arteko harreman horretan", adierazi zuen Oiartzungo Makilakixki eskolako ordezkariak.

Senidetzea irudikatuta, haien lanketa plazaratzeko tartea hartu zuten oiartzuarrek. Egurraren gainean eskaini zuten Oiartzungo eskolako kideek lehenbiziko saioa. Senidetzearen erakusle, Usurbilgo ordezkaritzarekin batera, udalerri hartako bambua baliatu zuten bigarren saio berezirako.