Abisu horian gaur haizeagatik

Noaua Aldizkaria

Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, haizeagatik abisu horian izango gara astelehen arratsaldeko 18:00etan hasi eta astearte goizeko 9:00ak arte.

80-100 kilometro orduko haize-boladak izan ditzakegunez, abisu horian izango gara aste hasiera honetan, Euskalmet meteorologia agentziak jakinarazi duenez. Astelehen arratsalde honetan, 18:00etan hasi eta astearte goizeko 9:00ak arte abisu horian izango gara. "Hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan", Euskalmet-ek iragarri duenez. Bestalde, "haizeguneak ez diren tokietan, hego-mendebaldeko haize-boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki mendebaldean".

Honenbestez, astelehen honetan, azaroaren 16an, Euskalmet-en iragarpenaren arabera, "zerua hodeitsu egongo da. Baliteke noizbehinka zaparrada txikiak egitea. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; egunean zehar indarra hartuko du, bolada oso gogor batzuekin egunaren amaieran. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Asteartean, hilaren 17an, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egingo du, bereziki egunaren lehenengo partean. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogor eta oso gogorrekin, bereziki goizaldean; arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldetik finka daiteke, ahul-bizi. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.