"Gure erabakitzeko ahalmena osasun sistemaren aurrean" tailerra antolatu du Usurbil Herri Zaintzaileak astelehen honetarako, azaroaren 16rako. Hil Arte Bizi egitasmoko Nere Erkiagak bideratuko du, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Pazientearen autonomiari eta osasun sisteman ditugun eskubideei buruz jargungo du Nere Erkiagak eta Aurretiazko Borondateen Dokumentua nola bete azalduko du, borondatea adierazi ezin dugunerako eskura daukagun tresna baliotsua".
Hitzordua, Usurbilgo Udalak eragile gehiagorekin udaberriaz geroztik eskainitako "Komunitatetik, heriotzaz" zikloaren baitako azken hitzordua izango da. Heriotzaren gaia ertz ezberdinetatik aztertu dute hilabeteotan; gaztetasunetik, zaintza paliatiboetatik, literaturatik, kulturartekotasunetik...
Zikloari hain zuzen, Erkiagak berak eman zion hasiera apirilaren 15ean Sutegin. Gaiari buruzko ezagutzaz aritu zen Hil Arte Bizi egitasmoaren sortzailea, "heriotzaren aurrean hobeto kokatu gaitezke... gutxienekoa jakinez gero" izeneko saioan.
Norbere nahiz besteen heriotza kudeatzeari zegokionean argi adierazi zuenez, "hau hobeto egin daiteke". Horretarako, ezinbestekotzat jo zuen, "heriotza bizitzan" txertatzea. Bere esanetan, heriotza ez baita bizitzaren aurkakoa, jaiotzarena baizik. Eta elementu garrantzitsuena, gaiak eragin ohi duen beldurrari maitasunetik erantzun diezaiokegu. "Heriotzak maitasuna adierazteko ematen duen botereaz" kontzientziatzeko gonbita egin zuen Erkiagak.
Ezagutza hedatu beharra
Heriotzak sentiarazten digunari buruz ari garenean, "maitasuna da nukleoan dagoena, beldurraren eta minaren artean", Hil Arte Bizi egitasmoko sortzailearen esanetan. Argi denez, "mina ezin da ezabatu". Are gehiago, "maitasunak sortzen du mina"; hil denak mina eragiten badigu, hil dena "maitatzen dugulako da". Baina minaren eragilea den maitasunak beldurra arintzen lagundu dezake era berean. "Maitasunak lagundu dezake beldurra uxatzen, pixka bat bederen", Erkiagak Sutegin adierazi zuenez.
Minaz gain, aipatu moduan, beldurra eragin ohi du heriotzak; bai norberarenak nahiz besteenak. Erkiagak hiru beldur mota edo maila bereizi zituen Sutegiko hitzaldian: batetik, heriotzari diogun beldur naturala, "kendu ezin dena eta ezabatu behar ez dena"; eta, bestalde, horrekin batera landu beharrekoak diren beste bi beldur mota; batetik, "haurtzaroan bizitakoagatik heriotzaren aurrean norbera ezgauza uzten duten" beldur traumatikoak eta gugan, botere handia izaten segitzen duten eraikitako beldurrak.
Hori guztia kudeatzeko, argi zioenez, iraganean lagungarriak izandako "helduleku asko izatetik" baliabide gabeziara igaro gara eta ezagutzaren kultura faltara. Horretan dihardu liburutegien arloan, artxibo lanetan jarduten hasi eta tanatologia ikasketak egiten amaitutako Erkiagak. Hil Arte Bizi egitasmoa abiarazi zuen, "heriotzaren jakintza zabaltzeko". Hil Arte Bizi egitasmoari buruzko informazio gehiago nererkiaga.eus/hil-arte-bizi/ helbidean jaso dezakezue.
Amaierari aurre hartzea
Bere ustez, norbere heriotza prestatzerakoan, kontuan hartu beharrekoa da, jakitea hasteko zein den "gure era", norberarena eta horrekin batera, "alor bakoitzean herritar bezala ditugun eskubideak" ezagutzea, gerora "hartu ditzakegun erabakiak ikusteko". Esaterako, ondasunekin zer egin, geure bizimoduan zehar utzitako arrasto digitala nola nahi dugun kudeatua izatea, gorpuarekin zer egin, zer nolako agurra izatea nahi genukeen, hil aurretik, osasungintzari dagokionean, noiz eta zer nolako amaiera izatea nahi genukeen erabaki. "Zein da gure duintasunaren marra?", egin zuen hausnarketarako galdera gisa. Horrekin batera, noski, hau dena, ingurukoekin partekatzea eta hitza jartzearen garrantzia azpimarratu zuen eta hitza jartzea erabakitzea bai, baina norekin, noiz, nola...
"Komunitatetik, heriotzaz" zikloko lehen saioak berrogeitik gora lagun elkartu zituen Sutegin. Gaiaren izaera ikusita, deialdiak izandako parte hartzea nabarmendu eta eskertu zuen bai Erkiagak baita antolatze lanetan jardundako Udalak ere. Sutegiko auditoriora joandakoei dagokienean, hil osteko kudeaketak eragin zituen galdera edo jakinmin gehien edota norbere heriotzari aurrez aurre begiratzearen onarpenaz ere jardun zuten. Agerian utzi zuen saioak, gai honen ezagutzan sakontzeko dagoen beharra eta kultur horren hedapenean komunitateak izan dezakeen rol garrantzitsua.
Saio hartan aipatu zen hain zuzen, gaur Erkiagak mintzagai izango duen gaia jorratzeko beharra.