Ia hamasei milioi euroko "udal aurrekontu historikoak" izango ditu herri honek 2027an

Noaua Aldizkaria

Historikotzat jotako ia 16 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du egunotan EH Bilduren udal gobernu taldeak 2027. urterako, Legealdi Planeko nahiz "herri bat, lau misio" herri proiektuko erronkei erantzuten segitzeko. Datorren osoko bilkuran hasieraz onartu asmo dituzte.

Goia jo ezinik dabiltza azken urteotako udal aurrekontuak. 2023an 13.168.200 eurokoak izan ziren, datorren urtekoak ia 16 milioi eurokoak (15.906.124,48 eurokoak). 2027koak "aurrekontu historikotzat" jo zituen udal gobernu taldeak haien iragan asteko aurkezpen agerraldian. Diru kopuruaren handitzea foru funtsaren %7ko gehikuntzak eragindakoa izan da. 6.634.630 euro jaso ditu udalerri honek. Igoera horretan eragin dute baita haien esanetan, "hainbat inbertsioei lotutako kanpo finantzaketak edo eskatu asmo ditugun maileguek eta zerga, tasa eta prezio publikoetan finkatutako igoerak eta azken urteetan izandako bilketa positiboak". EH Bilduren esanetan, datuok Udalak duen "gastu ahalmen handia eta aurrekontuen sendotasuna" agerian uzten dute.

Misioen logikan
Aurreko urteen ildotik, 2027. urteko udal aurrekontuak ere Legealdi Planeko nahiz "herri bat, lau misio" herri proiektuko erronkei heltzeko baliatuko dituzte, gizarte babesa indartu, trantsizio ekologikoan sakondu, herria zaharberritu, kultura sustatu edota "Udala gertu" misioan aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Egitasmo nabarmenenen berri eman zuten iragan asteko agerraldian.

Gizarte babesa
Herria berroneratzeari dagokionean, iaz onarturiko Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integralean (IUPI) oinarritutako lehen aurrekontuak izango dira 2027koak. Arlo horretan, industriaguneetako errepideak hobetzen segi eta Aginagako N634 errepide alboetako oinezko pasabidean konponketa lanak egingo dituzte. Horrekin batera, hiri altzari edo elementuak irisgarriago egiteko berritu edo egokituko dituzte. "Hiru proiektu ere idatzi nahi dira", udal gobernu taldearen esanetan, udaletxearen eta Barrenkaleren arteko lotura hobetzeko, San Inazioko biribilgunea eta ingurunea berrantolatzeko eta Benta taberna inguruko espazio publikoa konpontzeko. Udaletxearen bueltako eremuari lotutako proiektura begira, kreditu aldaketa bat bideratzekotan dira hurrengo urtean zehar. 

Gizarte babesa indartzen jarraitzeko, iaz baino 144.000 euro gehiago, guztia ia milioi bat euro bideratuko ditu Udalak gizarte zerbitzuen sailera. Kopuru horretatik 400.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo dute "zaintza ekosistema berrira egokitu eta zaintza-lanak eta langileen lan-baldintzak hobetzeko, duintzeko", etxez etxeko zerbitzua indartzeko. Beste 50.000 euro iragarri dituzte, Beterri Buruntza Mankomunitatearekin batera "eskualde mailako inklusio estrategia definitu eta hortik eratorritako zerbitzu eta ekipamendu berriak" abiarazteko sinaturiko hitzarmeneko konpromisoei aurre egiteko. Azkenik, beste 145.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte Usurbil eremu tentsionatu izendatzeko, Eusko Jaurlaritzari Udaletik proposaturiko etxebizitza-plana garatzen segitzeko; besteak beste, Etxebizitza Bulegoaren bidez herritarrei aholkularitza ematen segitzeko.

Horrez gain, haurren 16 jolasguneak pixkanaka berritzeko plana abiaraziko dute. 2027an, guneotako lurzorua material naturalarekin berritu eta kautxuzko lurra ezabatu asmo dute, horren "konposatu toxikoen inguruan sortutako zalantzak" tarteko. Auzoetako bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko eskuhartzeak iragarri dituzte Zubietan eta Aginagan, Santueneako taberna eraberritzen bukatzeko partida edota hilerri berriko irisgarritasuna hobetu eta aparkaleku gehiago sortzeko 60.000 euroko inbertsioa.

Babestoki klimatikoak
Beste misioetako bati, trantsizio ekosozialari dagokionean, muturreko baldintzen aurrean, eraikin publikoak babestoki klimatiko bilakatzeko lanak egingo dituzte Sutegi udal liburutegian, Artzabalen eta Aginagako eskolan. 300.000 euro bideratuko dituzte zereginotara. Falta den argiterian (%66an jarria jada) LED instalakuntza ezarriko dute (276.000 euro). Horrez gain, hondakinen bilketa irisgarriagoa egiteko egokitzapenak egingo dituzte eta hobekuntzak iragarri dituzte, Zubietako, Atalluko eta Aginagako ekarpen guneetan. Alor honetan, udal baliabideak berritu eta elektrifikatzeko lan-lerroaren baitan, 280.000 euro baliatuko dituzte kale garbigailu elektrikoa erosteko. 

650 Usurbil Bizi misioaren baitan, "Ez Dok Amairu"-ri eskainitako parkea lantzen hastekoak dira, "Errioaren Usurbil" eskaintza abiaraztearekin batera. Tokiko merkataritzan erreleboa sustatzen jarraitzeko dirulaguntzak ematen segiko dute, jarraipena emango diote Aginaga bizigarriagoa egiteko bertako kooperatibarekin izenpeturiko hitzarmenari eta ekarpena egiten segiko zaio Beterri Buruntza Mankomunitateari.

"Udala gertu" misioaren baitan, digitalizazioan aurrerantz jo asmo dute, zibersegurtasuna jorratzen segiko dute. "Herritarren Arreta Zerbitzua lantzen hasiko gara. Zenbait tramite txiki eskatu ahala eskuratzeko aukera emango digu", iragarri dute. Udal lantaldea ere indartuko dute, "lanpostu berriak sortzera goaz"; kultura eta informatika sailak indartuko dituzte, "etxebizitza teknikariaren programa plaza bihurtuko dugu, politika publikoen berrikuntzarako arduradunaren programa sortuko dugu eta lan-eskaintza publikoetarako programa berria sortuko dugu".

Arrobitxuloko obrak lizitatzear 
Azkenik, kultura sustatzen jarraituko du udal gobernu taldeak, "gizarte kohesioan sakondu eta gure herriko tokiko garapen ekonomikoa bultzatzeko" bitartekotzat jotzen baitute. Ildo horretan sakondu nahi du, ikastola pareko zelaian eraikiko duten Arrobitxulo Elkarguneak. "Guretzat proiektu estrategikoa da", EH Bilduren esanetan. 2027ko udal aurrekontuetatik milioi erdi euro bideratuko dute egitasmo horretara, duela hilabete batzuk datozen bi urteotan milioi bat euro ordaintzeko onarturiko kreditu konpromisoaren baitan eta "Arrobitxulo eraikitzeko eskaturiko maileguaz harago". Berriki jasotako exekuzio proiektuaren ondotik, urte hasieran obrak lizitatu asmo dituzte. 

Arrobitxuloz gain, arlo horretako dirulaguntzak indartuko ditu Udalak, "herri bizi honi bultzada" emateko. Kirol arloan, Oiardo kiroldegiko irisgarritasun baldintzak hobetu asmo dituzte; igogailua solairu guztietara heltzeko edota hainbat eskailera kenduko dituzte irisgarritasuna hobetzeko. Horrez gain, padel pista eraiki asmo dute. Horretarako, kalistenia parkea tokiz mugitu eta bere eskaintza indartuko dute, "ariketa fisikoa eta kirola kalean, naturarekin hartuemanetan egiteko".


Egutegia
Udal aurrekontuok azaroko azken osteguneko udalbatzaren osoko bilkuran hasieraz onartu asmo dituzte, urte berriari ekitearekin batera indarrean egon daitezen. Horren aurretik, hamabost eguneko tartea du oposizioak ekarpenak egiteko. "Gu prest gaude adostasunetara heltzeko. Aurreko urteetan ere emendakin batzuk elkarrekin aurkeztu izan ditugu", gogorarazi dute udal gobernu taldetik. Horrez gain, urte garai honetan, Usurbilgo auzo eta herrietako norbanako eta eragileekin bildu izan da EH Bildu, aurrekontuetarako ekarpenak jasotzeko. Oraingo honetan, hauteskunde kanpaina betean egokitu denez, datorren urte hasieran egingo dute bilera erronda hori, urtean zehar haiekin egin ohi duten moduan, ekarpenak biltzen segi eta amaierara bidean den 2023-27 urte arteko legealdi honen balantzea egiteko.