Ate joka da Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, azaroaren 25a. Aurtengoan, bi hitzordu izango dira Usurbilen; batetik, elkarretaratzea egingo da hilaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboa plazan. Baina aldez aurretik, beste deialdi bat plazaratu dute Usurbilgo Gazte Feministek, Emakumeon Etxeko Talde Sustatzaileak eta Udalak. Izan ere, herri erantzun protokolo bat adostu nahi da indarkeria matxistari aurre egiteko.
Horretarako, hilaren 25ean, arratsaldeko 17:30etan Sutegiko erakustaretoan herri bilera deitu da. Norbanako nahiz eragile oro deitu dute saio ireki horretara. "Indarkeria matxistari erantzun publiko eta komunitarioa ematea da deialdiaren helburua. Indarkeria matxistarik gabeko herria eraikitzeko, egunerokoan “inplikazio aktiboa” beharrezkoa da, eta, horregatik, herritarrak eta herriko eragileak parte hartzera gonbidatu dituzte, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta, nork beretik eta eremutik”, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan.
Indarkeria matxistari herri mailako erantzuna nola aktibatu adostu nahi da eta adostasun horretatik "erantzun publiko eta komunitarioa" ematea.
Gogoan izan, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta integrala, egokia eta koordinatua eman eta erreparazioa bermatu asmo duen erakunde arteko bigarren protokoloa sinatu zuten iaz.
Ordutik, azken urtebetean, 62 emakume artatu dira. Arazoaren zati bat baino ez du islatzen zenbaki horrek, Solaberrietaren esanetan. “Ez dituzte barne hartzen laguntzarik eskatu ez duten, gure zerbitzuetara iristen ez diren, salaketarik jarri ez duten edo antzeko egoeran dauden emakumeak”.
Hona hemen, lerrootan aipaturikoari lotuta, Usurbilgo Gazte Feministak, Emakumeon Etxeko Talde Sustatzaileak eta Udalak helarazitako adierazpena:
Indarkeria matxistaren aurrean, erantzun publiko komunitarioa indartzeko lanean ari gara Usurbilen
Azaroaren 3an, Usurbilgo Gazte Feministak, Emakumeon Etxeko Talde Sustatzaileak eta Udalak herriko hainbat eragilerekin bilera egin genuen Txirikordan, indarkeria matxistaren aurrean herri gisa eman beharreko erantzun publiko komunitarioa lantzeko.
Bileran, batetik, Usurbilgo indarkeria matxistaren inguruko datuak eta Udalak eskaintzen dituen arreta baliabideak aurkeztu ziren. Apiriletik urrira bitartean, indarkeria matxistako 27 kasu berri erregistratu dira herrian, erregistro ofizialetatik.
Hain zuzen, II. Erakunde arteko protokolo bileratik, (protokolo hau honako erakunde hauek sinatu zuten: Usurbilgo udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamenduak, Udaltzaingoak, Berdintasun sailak eta autonomia erkidegoaren eskumeneko erakundeak, hain zuzen, Ertzaintzak eta Osakidetzak) jasotako datuak dira. Azpimarratu zen, hala ere, datu horiek arazoaren zati bat baino ez dutela erakusten, laguntza eskatu ez duten emakumeen egoerak ez baitira erregistroetan agertzen.
Bestetik, Gazte Feministek herri mailako erantzun publikoari dagokionez azken urteetako bilakaeraren inguruko hausnarketak partekatu zituzten. Besteak beste, azken 9 urteetan indarkeria matxista salatzeko ardura Gazte Feministak izan dutela eta horrek, feministen jarduna zamatu eta herria problematikatik urrundu duela adierazi zuten. Hori dela eta, indarkeria matxistaren aurkako erantzuna herriko zenbait eragileen artean antolatzeko beharra nabarmendu zuten. Helburua ardura kolektibizatzea eta erantzun publiko sendoagoa eta koordinatuagoa eraikitzea da.
Norabide horretan, hainbat proposamen landu ziren: herrian gertatutako indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun bateratuak antolatzea eta Euskal Herriko erailketa matxisten aurrean ere, eragileen arteko erantzun publikoak antolatzea. Betiere, erasoa jasan duen emakumearen nahiak eta beharrak erdigunean jarriz.
Aurtengo azaroaren 25a baliatu nahi da indarkeria matxista publikoki salatzeko eragileen arteko antolamendua martxan jartzeko. Horretarako, 17:30etan elkartuko gara Sutegiko erakustaretoan proposamen berria lantzeko, eta horren ostean, 19:00etan elkarretaratzea egingo dugu Mikel Laboa plazan.