Zumarte, "Musikalean" plazaratzear

Noaua Aldizkaria

Aurtengoan ere, Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak antolaturiko 18. Musikalean ekimenarekin bat egin du Zumartek. Azaroaren 19an, kalejiran irtengo dira musika eskolakoak, eta segidan, kontzertua eskainiko dute Sutegin.

Santa Zezili, musikarien eguna izanik, Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak antolaturiko "Musikalean" ekimenarekin bat egingo du Zumarte Musika Eskolak ostegunean, azaroaren 19an. "Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna dela eta, Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak (EHME) Musikalean ekimena jarri du abian berriro ere, hemezortzigarren urtez jarraian", aipatu elkarteak jakinarazi duen moduan. Gogora ekarri duten moduan, "ekimenak tokiko kulturarekin eta gure hizkuntzarekin duen konpromiso sendoa berretsi du, euskarari lagunduz eta bere presentzia bultzatuz, edizio honetako pieza nagusia gure hizkuntzan baitago sortua".

Egunotan, aste osoan zehar ospatuko da Euskal Herri luze zabalean, bilgune horretako kide diren 53 Musika eta Dantza Eskolen eskutik. Haietako guztietako "2.700 ikasle eta irakasle baino gehiagok musika kalera aterako dute", iragarri du Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak. Horien artean izango dira Zumarte Musika Eskolako kideak. Lehenbizi, kalejiran plazaratuko dira herri erdiguneko kaleetan barrena. Segidan, kontzertua eskainiko dute Sutegiko auditorioan.

Hemezortzigarren Musikalean hau ere "kultura-errebindikaziorako eta aitortzarako plataforma bilakatuko da", antolatzaileek jakinarazi dutenez. Oraingo honetan, "EHMEk aukera hau baliatu nahi izan du euskal emakume konpositoreei omenaldi meritua egiteko". Ildo horretan, "elkarteak Marijose Arregi Etxeberriak egindako obra bat eskaini du, jardunaldietan zehar interpretatua izan dadin".

Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak Musikalean parte hartzeko deia egin du. "Musikalean ekimenaren bidez, EHMEk herritar guztiak gonbidatzen ditu kalera ateratzera, musikari eta dantzari belaunaldi berrien talentuaz gozatzera eta zuzeneko musikaren festa kolektibo honekin bat egitera".

Musikalean
Azaroak 19, osteguna
18:00
Kalejira Zumarte Musika Eskolatik hasita. Parte hartzaileak: triki-pandero, haizezko eta perkusioko ikasleak.
19:00 Hainbat talde instrumentalen emanaldia Sutegiko auditorioan.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.