Azoken zikloari segida emango diogu hilabete amaieran

Noaua Aldizkaria

Hurbilagoren Udazkeneko Azoka eta 25. Erle Eguna ospatuko dira azaroko azken asteburuan.

Azaroan sartzearekin batera barneratu ginen azoken zikloan Aitzaga Elkartearen 30. Artisau Azokaren eskutik. Eskuz landutako hainbat produktuen postu kokatu zituzten frontoian eta Askatasuna plazan. Osteratxoa egin nahiz ikusitakoa eskuratzeko aukera ederra izan zen. Euskal Herri luze zabaleko artisauak erakarri zituen hitzorduak, herrikideak baita tartean.

Hurbilagoren Udazkeneko Azoka
Artisauen ondotik, merkatarien txanda izango da azaroaren 28an. Izan ere, Hurbilago elkarteak bere Udazkeneko Azoka iragarri du hilabete honetako azken larunbat goiz eta eguerdi parterako. Askotariko gaien salmenta postuak kokatuko dituzte frontoian. Zenbait sorkuntza tailerretan parte hartzeko aukera ere izango da, Ziortza Gazte Elkartearen eskutik. Azoka honetan ere bapo egiteko gaztainak eta sagardoa dastatzeko aukera eskainiko da, bertan erosketak egitearen truke.

Mende laurdeneko Erle Eguna
Urtemuga borobilen urtea dugu honako hau, baita azokei dagokienean ere. Aitzaga Elkartearen Artisau Azokaren 30. edizioa egin zen azaroaren lehenean eta mende laurdena beteko du azaroaren 29ko Erle Egunak. 25. ediziora helduko da urteko azoka gozoena. Erle Lagunak taldearen eskutik, azoka egingo da. Zentzumen guztiak jarriko dizkigute dantza batean; ikusmena, entzumena, baita usaimena eta batez ere dastamena, besteak beste, ezti eta txokolatezko gozoen nahiz ezti dastaketekin. Zenbait erakusketei ere tartea egingo diete eta, nola ez, txapelketek ere berebiziko protagonismoa izango dute, gozogintza, marrazki eta bereziki, ezti lehiaketekin.

Goizean zehar epaimahaiak behatutako jaki eta sorkuntza lan ederrenak sarituko dituzte jaialdiaren amaieran. Une estimatuena biziko da orduan, elizatik frontoira heldutako erlearekin.

NOAUA! K.E.-ren San Tomas Azoka
Udazken honetako laugarren eta azken azoka, abenduaren 20an ospatuko da. NOAUA! Kultur Elkarteak San Tomas Azoka egingo du igande horretan. Kasu horretan ere, askotariko postuez osaturiko azoka egingo da edota herrian ekoitzitako babarrun eta sagardoen txapelketak.

Azaroak 28, larunbata
11:00-14:30
Hurbilagoren Udazkeneko Azoka Usurbilgo frontoian.
Zehaztasunak: "liburu eta diskoen azken nobedadeak, ipuinak, koadernoak, jostailuak, diseinu bereziko kamisetak, sudaderak, poltsak, motxilak, zeramika produktuak, bitxiak, laminak eta ilustrazioak, panpinak, kandelak, egurrezko produktuak eta gehiago".
11:30-14:30 Azokako salmenta postuak.
11:30-14:30 Tailerrak, Ziortza Gazte Elkartearen eskutik.
Azokan zehar, gaztainak eta sagardoa doan, azokan eginiko erosketen truke.
13:30 650 Usurbil Bizi Otarraren aurkezpena.
Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.

Azaroak 29, igandea
25. Erle Eguna
09:00-10:00
Ezti eta gozogintza bilketa, postreen bilketa, marrazki lehiaketa.
11:00-14:00 Azoka:
-Balerdipekoen eskutik tailerra.
-Ezti eta txokolatezko goxoak.
-Ezti dastaketa.
13:30 Sari banaketa: eztigintza, gozogintza, marrazkiak.
Antolatzaileak: Erle Lagunak, Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Erlezain Elkartea, Goroxtitxo Eztiola, Mahala.

Abenduak 20, igandea
Eguerdi partean, NOAUA! K.E.-ren San Tomas Azoka frontoian.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.