Ibilgailu parkea handitzeko eta elektrifikatzeko urrats berria eman du Usurbilgo Udalak. Bertatik jakinarazi dutenez, moto elektriko berria erosi du, aurrerantzean udaltzainek erabiliko dutena. "Erabat elektrikoa da, eta 6.000 euro inguruko inbertsioa izan da", Udalaren esanetan.
Ibilgailu berria, bereziki, "lasterketak eta desfileak egiten direnerako erabiliko dute. Udaltzaingoak pick up-a erabili ohi du: orain, bi intzidentzia aldi berean gertatuz gero, bietara unean bertan joateko aukera izango dute".
Udaltzaingoaren moto berria, Udalak eskuraturiko bigarren ibilgailu elektrikoa da. "Lehenengoa, brigadako ur zerbitzuek erabiltzen duten furgoneta izan zen, 2023ko azaroan erosia", Udaletik gogorarazi dutenez.
Moto berria erosita, pixkanaka, bide honetan urrats gehiago eman asmo dituzte. "Pixkanaka, ibilgailu parkea berritzea eta elektrifikatzea da asmoa".
