25. Erle Eguna

Datorren 25. Erle Eguneko lehiaketetarako prestatzen hasteko garaia

Noaua Aldizkaria

Azaroaren 29an ospatuko den 25. Erle Egunaren baitan, herritarrok parte hartu ahalko duzue zenbait lehiaketetan.

Urtemuga borobilen urtea dugu honako hau, baita azokei dagokienean ere. Aitzaga Elkartearen Artisau Azokaren 30. edizioa egin zen azaroaren lehenean eta mende laurdena beteko du azaroaren 29ko Erle Egunak. 25. ediziora helduko da urteko azoka gozoena.

Ohi bezala, Erle Lagunak taldeak zentzumen guztiak jarriko dizkigu dantza batean; ikusmena, entzumena, baita usaimena eta batez ere dastamena, besteak beste, ezti eta txokolatezko gozoen nahiz ezti dastaketekin. Zenbait erakusketei ere tartea egingo diete eta, nola ez, txapelketek ere berebiziko protagonismoa izango dute, gozogintza, marrazki eta bereziki, ezti lehiaketekin.

Marrazki txapelketak, ikastetxeen bidez, belaunaldi gazteenaren parte hartzea sustatu ohi du. Erlea eta haren bueltako kultura irudikatu ohi dute marrazki ederrok. Onenak sarituko dituzte jaialdi amaieran. Horrez gain, sukaldatzen hasi gaitezke eztia osagai duten postre gozoak. Horiek ere saritu egingo dituzte datorren 25. Erle Egunean. Aurrez prestatutako postreak igande goiz horretan helarazi beharko zaizkie antolatzaileei, baita, nola ez, ezti potoak ere. Euskal Herriko Ezti Txapelketa jokoan izango da jaialdi horretan.

Goizean zehar epaimahaiak behatutako jaki eta sorkuntza lan ederrenak sarituko dituzte jaialdiaren amaieran. Une estimatuena biziko da orduan, elizatik frontoira heldutako erlearekin. Horrekin amaituko da mende laurdeneko Erle Eguna, baina ez urte amaiera honetarako iragarritako azoken zikloa.


Urte amaierako azokak
Azaroak 28, larunbata
11:00-14:30
Hurbilagoren Udazkeneko Azoka Usurbilgo frontoian.
Zehaztasunak: "liburu eta diskoen azken nobedadeak, ipuinak, koadernoak, jostailuak, diseinu bereziko kamisetak, sudaderak, poltsak, motxilak, zeramika produktuak, bitxiak, laminak eta ilustrazioak, panpinak, kandelak, egurrezko produktuak eta gehiago".
11:30-14:30 Azokako salmenta postuak.
11:30-14:30 Tailerrak, Ziortza Gazte Elkartearen eskutik.
Azokan zehar, gaztainak eta sagardoa doan, azokan eginiko erosketen truke.
13:30 650 Usurbil Bizi Otarraren aurkezpena.
Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.

Azaroak 29, igandea
25. Erle Eguna
09:00-10:00
Ezti eta gozogintza bilketa, postreen bilketa, marrazki lehiaketa.
11:00-14:00 Azoka:
-Balerdipekoen eskutik tailerra.
-Ezti eta txokolatezko goxoak.
-Ezti dastaketa.
13:30 Sari banaketa: eztigintza, gozogintza, marrazkiak.
Antolatzaileak: Erle Lagunak, Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Erlezain Elkartea, Goroxtitxo Eztiola, Mahala.

Abenduak 20, igandea
Eguerdi partean, NOAUA! K.E.-ren San Tomas Azoka frontoian.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.