"Zuberoako ikastolen aldeko otarren kanpainan parte hartzeko deia egin nahi genuke"

Noaua Aldizkaria

Zuberoako ikastolak laguntzeko otarren kanpaina azken txanpan dute. Elkartasun ekimena Usurbilen herriratzen duen taldeko ordezkari Joanex Txueka Segurolarekin eta Xuban Zubiria Elexperekin bildu da hedabide hau. Ekimenarekin bat egitera gonbidatu gaituzte.

Nolatan hasi zineten bat egiten kanpaina honekin?
Urteak dira Usurbilen bazela Zuberoako ikastolak babesten zituen taldetxo bat. Gabonetako saskien kanpaina eta aurretik, sagardo afari bat antolatu ohi du, bertako ikastolak sostengatzeko. Errelebo eske ari zen, Usurbilek Zuberoarekin izandako lotura eten ez zedin. Taldetxo horren segida gara. Ahal den heinean, Zuberoako elkartasun kanpainak herrian, Usurbilen ere presentzia izaten saiatzen gara.  

Sagardo afaria aipatu duzue. Nolako harremantzea izaten da bertan?
Hemen kultura handiagoa dago festa giroan ekimenik sostengatu behar bada, afariak eta egiteko. Han agian, beste baldintza batzuk daudelako, sagardo afari honek presentzia handia dauka, ez egiten den lekuan bakarrik, Urdiñarben, baizik eta lurralde osoan, Zuberoan eta Behe Nafarroa aldetik ere jendea ere etortzen da. Bada lurraldeko euskaltzaleak elkartzeko lekua, euskal komunitatea batzeko unea da. Horrekin batera, hegoaldearen eta iparraldearen arteko lotura hori ere, modu mikroan bada ere, Usurbil Iparraldearekin eta Zuberoarekin eta Zuberoa Usurbilekin lotzeko bidea da. Bestalde, gustu handiz hartzen dute Usurbilgo sagardoa eta Usurbilgo boluntario taldek prestatutako afaria. Haiek ere etorri ohi dira Urdaira sagardotegian egin ohi dugun urteroko afarira. 

Bertako ikastolak zer egoeretan daude?
Zuberoan bi ikastola daude; Alozeko Basabürüko ikastola eta Sohütako Eperra ikastola. Bitxikeria moduan, Sohütako ikastolaren eraikuntzan ere usurbildarrek parte hartu zuten. Bien artean, 110 ikasle daude. Saskien kanpainarekin egindako ekarpenak, eragina badu. Aurreko urtean, 2.800 saski saldu ziren Euskal Herri osoan eta gutxi gorabehera, 110.000 euro bildu ziren. Kontuan izan behar da, Zuberoako bertako produktuekin osatzen direla saskiak eta tokiko laborarientzat ere badela laguntza hori.

Ikastoletako kide diren laborarientzat.
Bai. Funtzio bikoitza du; ikastolak laguntzea baina bertako laborariak, tokiko ekonomia ere bai. Bertako komunitate euskaltzalea laguntzeko modu onenetakoa da. Ezin da eteten utzi. 

Laster egokituko da Urdiñarbeko urteroko hitzordua?
Iaz, bertako gazteekin lotura egin zen, han jada eman da belaunaldi aldaketa hori. Nahi duguna da Usurbilen ere gazte taldetxo belaunaldi berri bat, han jada antolatzen ari direnekin harremanetan jartzen joatea, herri afaria sostengatzen jarraitzeko. 

Zein da gazteen, euskararen egoera Zuberoan?
Bi plano bereizi daitezke. Hizkuntzaren egoerari erreparatuta, azken urteotan ez bezala, orain esan genezake, bertako euskalgintzak lortu duela euskara erdigunean egotea. Horren adibide da, Ipar Euskal Herrian zenbait udalek euskarari zor zaion aitortza egiteko egin duten saiakera udaletxeetan eta nola suprefetak aitortza horien aurka egin duen. Horren aurrean, manifestazio nazionala deitua dago azaroaren 21erako. Ildo horretan, euskalgintza oso koordinatua dago manifestazio hau hauspotzeko baina baita manifestazio ostean, datozen erronkei eta oztopoei aurre egiteko ere. Badago, beraz, erdigunean euskararen aldeko borroka eta hor aldatzen ez dena da, Seaskak horretan guztian duen erreferentzialtasuna. Ikastolak dira nolabait, borroka horretan guztian bultzatzaileetako batzuk. Xiberoko Bozaren lokala ere berritu da. Usurbildik auzolanean diru partida bat helarazi zitzaien laguntza gisa. Bestalde, Maulen gaztetxe baten aldeko apustua egin dute, hori ez zen ikusten aspaldi. Zuberoak askotan izaten du komunitatea biltzeko behar hori. Gaztetxeak ere bultzada hori emango dio. Gaztetxe horretan euskararen aldeko borroka erdigunean kokatzen da. Bere funtsetako bat da Zuberoako gazteei euskaraz bizitzeko arnasgunea eskaintzea. Maila instituzionalean, Lurralde Elkargoak badu erronka bezala, despopulazioaren arazari aurre egiteko erronka. Hor udaletxe dezente Zuberoan elkarlanean ari dira, maila ekonomiko zein sozialean, alternatibak martxan jarri eta erronka hori betetzeko. Bai euskararren arloan, arlo sozialean eta ekonomikoan gauzak mugitzen ari dira, ez agian haiek nahiko luketen bezainbeste, baina antolatuta dabiltza lanean, bai erakundeetan, ikastoletan, eta herri mugimenduan. Usurbildik saiatzen garena da, hori guztia hauspotzen eta ekarpena egiten; ahal den heinean, haien errealitatea hona ekartzen eta gure errealitatea ere hara eramaten. Hori guztia, modu ludiko batean bizi da herri afari horretan.

Asmoa bada harreman hau beste modu batean iraunkortu edo indartzekoa?
Haiek aipatzen dutena da hau egin dezakegula baina beste belaunaldi bat garen heinean, ere agian egin daitekeela beste ekimenen bat. Adibidez, bertako elkartearen 25. urteurrenean Odolaren Mintzoak jo zuen. Maskaradaren Zuberoaz kanpoko emanaldi bakarretakoa Usurbilen izan zen. Harremantzeko saiakera asko egin dira. 

Zergatik egin behar dugu bat kanpainarekin?
Kanpainan parte hartzeko deia egin nahi genuke, usurbildar bezala bere aletxoa jartzeko. Gonbita egin ere Baionan Euskal Konfederazioak deitutako manifestazioan parte hartzeko. ​​​​​​​Agian, ezin duzu beste ekimenetan parte hartu, baina bada aukera erraza, gabon giroan halako otar bat erosita proiektu honekin Zuberoa babestu eta errealitate hau, herri bezala dugun erronka hau ere hurbilekoekin partekatzeko. Norbaitek interesa izango balu datorren urtean kanpainarekin laguntzeko, harremanetan jar dadila. Ongi etorria izango da. 

Zuberoako ikastolak laguntzeko otarrak

-Pettara (52 euro): ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx sukratuak eta pastak.


-Arbaila (57 euro): eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi ardi gazta, bixkotx gatzatuak, erreximenta, pastak eta tisana.


-Basabürüa (70 euro): mozkin biologikoz osatutako saskia (lukainka, euskal pastak, patea, eztia, piper ezti ozpina, sagar zukua eta gasna).

Eskabideak: ikaskoli.eus nahiz NOAUA! K.E. bidez egin ahalko dituzue azaroaren 21era arte.
Banaketa: Nafartarrak taldekoen bidez, aldaketarik ez bada, abenduaren 20ko NOAUA! K.E.-ren San Tomas azokan.
Informazio gehiagorako: ikaskoli.eus