Hilaren 28ko txango horren atarian, honako adierazpena helarazi du Anerreka ingurumen elkarteak hedabide honetara:
Urmaelen gune berri bat abian jartzeko ahaleginean
Gizakiak lehortu, kutsatu, desagerrarazi eta ahaztutako ekosistemak izan dira mikrohezeguneak. Fisikoki txikiak, baina biologikoki aberastasun handiko mikrohabitatak dira. Burruntzi, sorgin orratz, kakalardo, armiarma zein igelek asko estimatzen dituzte eurentzako bizileku hauek. Halako guneak ingurumenarentzako daukaten garrantziaz jabeturik, aspalditik dihardu berreskurapen ahaleginean Aranzadi Zientzia Elkarteak. Hain zuzen Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saila arduratzen da langintza honetaz, eta jada, hainbat eragileren laguntzaz, Hego Euskal Herrian zehar hezeguneen sare zabal eta egonkor bat egituratzen dabiltza. Horregatik, Agerre azpi eta Ollokiko errekastoaren artean dauden bi mikrohezegune erabilgarri jartzeko asmoarekin, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ion Garinekin elkarlanean dihardugu joan zen apirilaz geroztik.
Duela 7 urtetik abian da Hego Euskal Herrian Eskoletako Urmaelen Sarea ekimena Aranzadiren eskutik. Denbora horretan65 hezkuntza zentrok jarri dituzte abian urmaelak. Gure kasuan ere, erabilera didaktiko bat ematea izan da akuilu, aipatu bi mikrohezegune horiek herriko gune urbanoan bertan baitaude. Joan zen apirilean gonbidatu genuen Aranzadiko herpetologia sailaren arduraduna Olloki errekastoaren ibilguan dauden bi mikrohezeguneak ikustera. Egindako bisitaren ostean mikrohezegune hauek erabilera didaktiko baterako baliatzeko proposamena landu dugu Aranzadirekin elkarlanean. Proposamena eskutan, herriko hezkuntza eragileei eta udalari aurkezpenak egin eta erabilera egoki bat izan dezan, beharrezko azalpenak ematen jardun gara azken hilabeteotan.
Dagoeneko, herriko hezkuntza eragile guztiek (Aginaga eta Zubietako eskolak, eta Udarregi ikastolak), bere atxikimendua adierazi diote Olloki errekastoaren ondoko urmaelen proiektuari, baita, udalak bere gain hartu du abian jarri aurreko prestaketa edo egokitzapen lanen ardura eta finantzaketa. Jada, urmaelak inguratzen dituen itxitura egina du udalak. Halere, saiatuko gara prestaketa lan batzuetarako auzolan deialdi irekiak egiten, horrela, herritar orok bere alea jartzeko aukera izan dezan proiektu herrikoi honetan.
Espero dugu, datorren neguan ez bada, beranduenez hurrengo udaberrian abian izatea urmaelen gune hau. Horrela, desagertzeko arrisku larrian dagoen hegoaldeko zuhaitz-igel edo Igeldoko igeltxoa babesteko Mendizorrotz mendigunean dauden hezeguneez gain, biodibertsitatea kontserbatzen laguntzeko beste gune bat izango dugu Usurbilgo herrigunean bertan.
Anerreka Ingurumen Elkartea
