Gipuzkoako Foru Aldundiarekin argitaratutako "Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan 1936ko Gerran" ikerketa aurkeztuko dute Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak, Usurbil 1936 elkarteak ostegun honetan, azaroaren 19an 19:00etan Potxoenean antolaturiko ekitaldian. Biak ala biak “Usurbil 1936 elkartean ondo ezagunak ditugu, Usurbilen gerrari buruzko ikerketan bidelagun izan ditugulako. Orain, gerra hartan parte-hartze aktiboa izan zuten nazioarteko borrokalarien historia aski ezezaguna atera dute argitara. Borrokalari haien artean, gutxienez bat Usurbilen aritu zen".
Guztira, errepublika legezkotasuna defendatzen aritutako 180 internazionalista identifikatu eta dokumentatu dituzte 1936ko gerraren lehen hilabeteetan, Gipuzkoan borrokaturiko atzerriko boluntarioen artean. Orain arte ez genekien ezer haiei buruz. "Historiaren ahanzturan murgilduta daude. Lan honek horietako 180 borrokalari internazionalista berreskuratu ditu, Europako milaka artxibo-dokumenturen bitartez. Haien izenak, bizipenak, borrokak, ametsak eta desirak berriz bizirik dira orrialde hauetan".
Arroyok eta Azurkik eginiko lana "faxismoaren aurka borrokatzeko mugak zeharkatu zituztenei egindako omenaldia dugu hau, Europak oraindik tragediaren handitasuna ulertzen ez zuen garai horietan. Nazioarteko konpromisoak, ausardiak eta elkartasunak batutako gizonak eta emakumeak ziren; eta balio horiei so dena sakrifikatzeko puntura heldu ziren, giza eskubideen eta mundu hobeago baten alde".
Halere, egileontzat haien ikerketa lana ez da amaitu. "Gaur egun, gatazkak iraun zuen bitartean Gipuzkoara etorri ziren nazioarteko boluntarioen presentzia ikertzen jarraitzen dute biek, modu horretan, gatazkaren inguruan gutxi aztertutako historiei buruzko ezagutza zabalduz".
