Urte amaierarekin batera, bueltan dator euskal sorkuntzaren plaza eta topagunea, 61. Durangoko Azoka. Hilabeteetako prestaketa lanen ondotik ondu dute abenduaren 4tik 8ra egingo den ekimenaren egitaraua, aurkeztu berri dutena hain zuzen. "Euskarazko sorkuntza sustatu eta erakusteko topagunea" izango da Durango egun horietan, "sortzaileei eta haien lanari eman nahi zaie protagonismoa. Sorkuntza-lanek askotariko estiloak eta gaiak biltzen dituzte, euskal kulturaren bizitasunaren erakusgarri. Euskal kultura etengabe ari da garai berrietara egokitzen, adierazpide eta joera berriak bereganatzen, herritarren nortasun kulturala bizitzeko eta garatzeko tresnak eskainiz".
Aurtengoan, zenbakitan, antolatzaileen esanetan, "174 partaide etorriko dira, eta 286 erakusmahai atonduko dituzte. Bertan, 2026an argitaratutako 1.098 kultur nobedade izango dira eskuragarri: 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen, hala nola jolasak, laminak eta papertegiko produktuak. Kulturaren balioetan sinetsita, gainerako eragileekin eskuz esku jarduteko prest dago Durangoko Azoka". Guztira, 311 ekitaldi programatu dituzte. Haietako hainbatetan izango dira, urtero moduan, hainbat herrikide ere, haien egitasmoak aurkezten. Usurbilgo sortzaileak, herri sorkuntza eta modu batean edo bestean herri honekin lotura duten hainbat hitzordu iragarri dituzte, segidan zerrendatuak dituzuenak:
Herri sorkuntza, 61. Durangoko Azokan
Abenduak 4, ostirala
10:30-12:30 NOAUA! kide duen Taupa euskaltzaleen mugimenduak antolaturiko "Demasa" fim emanaldia Irudienean.
Zehaztasunak: "Ikus-entzunezko rallietako finalista eta irabazleekin osatutako bideo-bildumaren emanaldi eta balorazioa".
18:00-19:00 Ilargi Arrizabalaga eta Amaia Iriondoren "Ilargiaren amaieran" bideopodcasta Berbagailuan.
Zehaztasunak: "Ilargiaren Amaieran, Ilargiaren ezkutuko aurpegian kokaturik dagoen etxetxoan egindako podcasta da. Bertan, Ilargi eta Amaiaren eskutik, sortzaileen lanak deskubrituko ditugu Tarotaren bitartez, baita haien herrietako misterio, mito eta kondairak ere. Umorea, misterioa eta kultura uztartuko dituzte podcast berri honetan. Prest al zaudete Ilargiaren Amaierara bidaiatzeko?".
Abenduak 5, larunbata
11:00-12:30 Irudienean: "Errigora: sustraitik espaziora" dokumentalaren proiekzioa.
17:00-17:20 "Behatxulotik" liburu aurkezpena Talaian: Juantxo Egaña eta Amagoia Mujika.
Zehaztasunak: "Behatxulotik liburuak Euskal Herriaren memoria grafikoaren lagin bat jasotzen du. 1858-1978 urte bitarteko tartean, 130 urteko epean, gure herrian bizitako egoerak argazkitan jasoak; ohiturak, lana, ekitaldi politikoak, gertaera sozialak, hitzordu handiak eta txikiak... herri baten memoria poliedrikoa da eta askotariko argazkiek jasotzen dute. GAUR8 astekarian astero-astero argitaratzen da Behatxulotik atala, Juantxo Egaña argazkilari eta komisarioaren sinadurapean. Argazki horien parte bat jasotzen da liburuan, 250 irudi inguru".
18:30-18:50 "Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian" liburu aurkezpena Talaian. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste. Argia
Zehaztasunak: "“Liburuak jaso du euskaldunok nola erlazionatu izan garen zuhaitzekin”. Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian du izenburu Jakoba Errekondorentzat bere “bizitzako liburu inportanteena” denak, Markel Arriolabengoak “liburutegi batean aurkitu nahiko” lukeenak eta Iñaki Etxebesteri begirada bere ikerketa marko zehatzetik Euskal Herriko 116 espezietara zabaldu dionak".
Abenduak 6, igandea
11:20-12:00 "Artizarra: aditu eta aritu euskaldunen planeta", Idoia Torregarai Martijaren aurkezpena Kabian.
Zehaztasunak: "Artizarra euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala da. UEUk kudeatzen duen Inguma komunitate zientifiko euskaldunaren datu-basean du oinarria. Artizarraren helburu nagusia ikertzaile zein profesional euskaldunen arteko harremanak ahalbidetzea da. Horretaz gain, komunitate zientifiko-profesional hau ezagutaraztea ere bai. Sartu zaitez Artizarraren orbitan! https://www.artizarra.eus".
13:00-13:30 "Pox, Mox eta Trumoi. Ederra kasketa!" Yolanda Arrietaren eta Ane Arzelusen liburu aurkezpena Saguganbaran.
Zehaztasunak: "Pox, Mox eta Trumoi iratxoak dira. Etxe berean bizi dira, anai-arrebak bezala, bizilagun gisa, senideen modura. Behin, sumendia lehertu da Trumoiren barruan. Nola baretuko ote da?".
13:00-14:30 "Gau Beltza" dokumentalaren aurkezpen eta proiekzioa Irudienean, NOAUA! K.E. kide duen Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren eskutik.
18:00-18:30 "Hor Hor" disko aurkezpena Ahotsenea Musikan: "Gure hitzak kanta, berriz kanta... Itxaro Borda, Francis Jammes, Joxean Artze, Manex Lanatua, Jean Giono eta hatsa hartzeko ezinbestekoak zaizkigun beste poeten idatzi ederretatik abiatuz, gure Xibero xokoko soinu laborategian ondutako kantu bitxiak eskaintzen ditugu. Ühaitz eta txorien kantuari nahastekoak, lau haizetara eramaitekoak, hizkuntzen intimitatean, ahots soilez baita artetarik kontrabaxuz eta teklatuz lagundurik".