Mobilizazio egunak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarentzat

Noaua Aldizkaria

Hainbat mobilizazio iragarri ditu egunotarako, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.

Batetik, ostegun honetarako, azaroaren 19rako, Hego Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen 4. Asanblada egitekoa dute Zumaian. Bestalde, hilaren 21ean Bilbon eta hilaren 23an, Hego Euskal Herriko 80 herri eta hirietan mobilizazioak iragarri ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Gogora ekarri duten moduan, "2018an bezala, helburuak lortzeko gure bermea mobilizazioa da".

Batetik, estatuko gobernuari exijitzen diote, "gure pentsioek aurten erosteko ahalmena gal ez dezaten bermatzea eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea. 2026an, pentsioak %2,7 igo ziren urtarrilean, baina urriko KPI %4,9 igo da dagoeneko. 2019tik 2026ra %2,5 galdu dugu. Bestetik, "banakako gutxieneko pentsioa LGS lanbide arteko gutxieneko soldata garbiarekin parekatzea" ere galdegingo dute. Azkenik, "40 urte edo gehiago kotizatuta dituzten pentsiodunei pentsioaren %100 bermatzea".

Horrez gain, "EAEko Gobernuari exijitzen diogu 2027rako aurrekontuetan esleitu dezala pentsioak LGSraino osatzeko beharrezkoa den aurrekontu-partida".

Aipatu pentsiodunen mugimendutik gogorarazi dutenez, "une kritikoan gaude, non gezurrekin banaketako Pentsio Sistema Publikoa erasotzen den, eta PP eta VOX bezalako alderdiek pentsioen murrizketa berriak nahi dituzten. Ez ziren 2018an pasatu, eta ez dira 2026an pasatuko".

"Arrakasta handia izan du"
Ohar bidez, gainera, pasa den azaroaren 11n soldata eta etxebizitza duinen alde deitutako greba orokorra baloratu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. "Arrakasta handia izan du. Milaka lagunek kalean exijitu dugu etxebizitza duinerako eskubidea negozio bihurtzen ari diren inbertsio funtsekin eta errentistekin amaitzea eta soldata eta pentsio duinak exijitu ditugu langile guztiei bizi-baldintza duinak eskuratzea bermatzeko".

Ildo horretan, "oso positiboki baloratzen dugu antolatutako manifestazioetan parte hartu izana eta soldata, pentsio eta etxebizitza duinak bermatuko dituen aberastasunaren bidezko banaketa eskatzen jarraitzeko prestutasuna adierazten dugu".