ALCER Gipuzkoa elkargunearen mende erdiko ibilbidea ikusgai

Noaua Aldizkaria

50 urte bete dituen elkarguneak haren ibilbideari lotutako erakusketa jarri du ikusgai Sutegin.

"Giltzurrunak gaixo dituztenen eta hauen familien bizi-kalitatea hobetzeko laguntza profesionala
eta tresna guztiak eskaintzen dituen elkargunea" da ALCER Gipuzkoa. "Guztion laguntzarekin", 50 urte bete ditu. Mende erdi honen harira, haien ibilbidea, jarduera ezagutarazteko erakusketa jarri dute Sutegiko aretoan. "Erakusketa honek gure historia azaltzen du eta hau guztia posible egin duten pertsona guztiak omentzen ditu: pazienteak, familiak, boluntarioak, emaileak eta profesionalak".

1976an sortu zuten ALCER Gipuzkoa, giltzurrunetik gaixo zirenetik, "osasun erakundeei giltzurrunetako gaixotasunen tratamendurako baldintza hobeak eskatzeko asmoz". Erakusketak gogora ekarri ditu, zeintzuk izan ziren urte haietako aldarrikapenak; "hemodialisi makina nahikoak izatea, tratamenduen kalitatea hobetzea, saioen iraupena eta joan-etorriak murriztea, eta gaixoentzat laguntza sozial eta ekonomikoak lortzea".

Hazten
Elkargunea sortu eta bi urtera, "organoen emaitzari buruzko sentsibilizazio kanpainak egiten hasi zen, lehen giltzurrun trasplanteen garapenak lagunduz". Gerora, 1986-96 urte artean, profesionalizaziorako jauzia eman zuten; "osasun sistemaren osagarriak diren zerbitzu psikosozialak eskaini zituen". 1996-2006 urte artean, lantaldea egonkortu eta "aurrerapauso garrantzitsuak eman zituen sentsibilizazioan eta giltzurrun gaixotasuna duten pertsonen eskubideen defentsan".

2006-16 urte artean, 60.000 emaile baino gehiago erregistratu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako laguntza ekonomikoa lankidetza-hitzarmenean bilakatu zen, herrialdeko "1.700 giltzurrun gaixori laguntza ematea ahalbidetu zuena".

Azken hamarkada honetan, halako hitzarmen gehiago izenpetu dituzte "hainbat erakunderekin; hala nola, gizarte eta kirol-erakundeekin". 50 urte beteta, "irabazi-asmorik gabeko eta onura publikokotzat aitortuta dagoen erakundea da, giltzurrun gaixotasun prozesuan dauden pertsonei laguntzen diena".

Bidelagun izaten segitzeko erronka
Aurrera begira, "bere helburuari eusten dio etorkizunera begira: giltzurrun gaixotasuna duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea eta laguntza eta babesa eskaintzea".

Mende erdi honetan zehar, "guztira 3.909 pertsonari eman diegu laguntza. Eskerrik asko!". Horrez gain, "66.800 pertsona inguruk haien erabakia idatziz adierazi dute, hau da, baldintza egokietan hilez gero, organo emaile izan nahi dutela".

Elkarguneari buruzko informazio gehiago, alcergipuzkoa.org/eu/  atarian jaso dezakezue.