Udazkena liburutegian

Beste hiru hitzordu ate joka Sutegi udal liburutegian

Noaua Aldizkaria

Ines Bengoa eta Yolanda Arrieta izango dira, Sutegi udal liburutegiko datozen ekintzetako parte hartzaileak.

Hilabetea amaitzeko beste hiru hitzordu antolatu ditu Sutegi udal liburutegiak. Hasteko, datorren astelehenean, azaroaren 23an, Ines Bengoak ipuin kontaketa saioa eskainiko du 6 urtetik gorakoentzat. Segidan, beste bi hitzordu ere iragarri dituzte. Bietan, Yolanda Arrieta Malaxaetxebarria herrikidea izango da. Bere bi sorkuntza lan izango dituzte mintzagai saio horietan; batetik, "Mari Xor" izenekoa. "Geure herentziatik sorturiko maitagarri-ipuina duzue Mari Xor. Euskal Herrian kokatuta dago, baina mundu osoan uler daiteke: unibertsala da. Jaso dugun bezala doakizue, jantziz berrituta. Maitagarri-ipuin bat, XXI. mendean. Zergatik, ez?".

Horrez gain, Arrietaren "Zurtz" sorkuntza lana ere hizpide izango dute hilaren 30ean. Hala dio liburu horren aurrerapenak: "Katik jakin-min handia dauka baina ez du eskola maite. Zurtz sentitzen da eta dozena erdi urte falta du adinez nagusi izateko. Gari umezurtz-etxe batean hazi zen. Laurogei urte dauzka, baina pirata bat dirudi bere belarritako eta mototsarekin. Artista askea dela esaten du, eta ez duela inoiz zergarik ordaindu. Katiren aitak gela bat jarri dio ganbaran, soilik argazkitik ezagutu duen aitaren iguala delako: haren anaia bikia.... ".

"Zurtz" sortze lanagatik, ostiral honetan, azaroaren 20an, Euskadi Literatura Saria jasoko du Yolanda Arrietak, euskarazko Haur eta Gazte Literatura Euskadi Literatura Saria hain zuzen. Ekitaldia, Bilboko Euskal Museoan egingo dute, arratsaldeko 18:00etan.

Hona hemen, Sutegi udal liburutegiak asteotarako iragarritako ekimen zikloa:

Udazkena liburutegian
Azaroak 23, astelehena
18:00
Ines Bengoaren ipuin kontaketa, 6 urtetik gorakoentzat.

Azaroak 27, ostirala
17:00
Irakurketa solasaldia 9 urtetik gorakoentzat. Yolanda Arrietaren “Mari Xor” liburua izango dute mintzagai.

Azaroak 30, astelehena
17:00
Irakurketa solasaldia 12 urtetik gorakoentzat. Euskadiko Haur eta Literatura Sariaren irabazle Yolanda Arrietaren “Zurtz” liburua izango dute mintzagai.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.