Usurbilgo soinu-banda ofizialak haien eguneroko faktoriatik kalera, plazara irten da ostegun honetan, azaroaren 19an. Izan ere, igandean, hilaren 22an ospatuko dute Musikarien Eguna. Horren harira, Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak antolaturiko "Musikalean" ekimenaren hemezortzigarren edizioarekin bat egin du Zumartek.
Urteotan egin bezalaxe, hasteko, musika eskolaren egoitzatik abiatu eta herri erdigunean barrena kalejiran egin dute askotariko instrumentuak jotzen aritu ohi direnek. Askatasuna plazan, Artzabalen eta amaitzeko, frontoian eginiko geldialdietan emanaldi laburrak eskaini dituzte, Sutegiko auditorioko kontzertuaren aurretik. Hainbat herritar bidelagun izan dituzte urteroko kalejiran zehar.
Usurbilen bezala, Euskal Herri luze zabalean, aste osoan antzeko ekimenak egiten dabiltza, tokian tokiko 53 musika eta dantza eskola, guztira, 2.700 ikasle eta irakasle baino gehiago.
Euskal emakume konpositoreei gorazarre
Hemezortzigarren Musikalean hau ere "kultura-errebindikaziorako eta aitortzarako plataforma" bilakatu nahi zuten antolatzaileek. Oraingo honetan, "EHMEk aukera hau baliatu nahi izan du euskal emakume konpositoreei omenaldi meritua egiteko". Ildo horretan, "elkarteak Marijose Arregi Etxeberriak egindako obra bat eskaini du, jardunaldietan zehar interpretatua izan dadin".
Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak Musikalean parte hartzeko deia egina zuen. "Musikalean ekimenaren bidez, EHMEk herritar guztiak gonbidatzen ditu kalera ateratzera, musikari eta dantzari belaunaldi berrien talentuaz gozatzera eta zuzeneko musikaren festa kolektibo honekin bat egitera".
Irudiotan ikusi ahal duzuen moduan, kamiseta horiz jantzi dira Zumartekoak, baita Musikalean egunotan ospatzen ari diren gainerako udalerrietako parte hartzaileak ere. "Jai giroan eta parte-hartze zabalarekin, gure udalerriak kolore horiz jantziko dira ekimeneko kamiseta ezagunei esker, espazio publikoa aire zabaleko agertoki handi bihurtuz", esana zuen Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak.