Larunbat hau, azaroaren 21a, aldaketa eta berrikuntza eguna izan da trenbide sarean. Izan ere, Donostiako Topo berria martxan jarri du Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailak. 4,2 kilometroko lurrazpiko trenbide berriak Gipuzkoako hiriburua zeharkatuko du aurrerantzean. Horrekin batera, berrikuntza gehiago ere abiarazi dituzte. Usurbili dagokionean, asteburuetan ordu-erdiro izango da tren zerbitzua aurrerantzean, igande eta jai egun goizetan izan ezik.
Dagoeneko, geltokiko pantailak ondo adierazten du, bai Oriorantz nahiz Donostiarantz, nola ugaritu den trenen joan-etorrien maiztasuna. Astetarteko itxura du jada, informazioa etengabe eguneratu ohi duen bitartekoak. Horrez gain, geltoki berriaren sarbidean, larunbat honetan, maiztasun aldaketa horren harira, azaroaren 21ean indarrean jarritako ordutegi berri zehatza ere ikusgai jarri du EuskoTrenek.
Gogoan izan, orain arte udan baino ez zela eskaintzen orduerdiroko tren zerbitzua asteburuetan. Aurrerantzean, beraz, urte osoan, egunero, orduerdiro izango da trena Oriorantz nahiz Donostiarantz, igande eta jaiegun goizetan izan ezik. Igande eta jaiegun goizetan, Usurbildik Donostiarantz, 08:26-14:26 artean orduero eskainiko da tren zerbitzua. Hortik aurrera, 14:26-22:57 artean, orduerdiro. Usurbildik Oriorantz ere, 07:04-13:04 artean orduero eskainiko da tren zerbitzua; 13:04-22:04 artean orduerdiro.
Ordutegion irudiak albiste honi atxikiak dituzue. Bestela, euskotren.eus atarian eskura ditzakezue.
Izendapen berriak
Horrez gain, badira berrikuntza gehiago ere. Izan ere, Usurbildik Donostiara edota Pasaia aldera joanez gero, hurrengo larunbatetik aurrera, Topo berria tarteko, "garraio aldaketarik gabeko zerbitzua eskainiko du EuskoTrenek" Pasaiara arte.
"Jatorri eta helmuga desberdinak ordenatzeko asmoz, Euskotrenek bere lineen izena aldatuko du", iragarri dute. Hala, Matiko (Bilbo) eta Zumaia-Pasaia arteko zerbitzuak E1 izena izango du; T0 Añorga-Pasaia artekoak eta T1 Lasarte-Oria-Irun/Hendaia artekoak.
276 joan-etorri egunero
Añorga-Pasaia tartean 7,5 minutuko tartean eskainiko da tren zerbitzua hilaren 21etik aurrera, orduerdiro Lasarte-Oria-Hendaia eta aipatu moduan, Zumaia-Pasaia artean, eta orduero Matiko/Bilbo-Pasaia artean.
Añorga-Pasaia tarteari dagokion zerbitzu handitzeak bikoiztu egingo du tren-zerbitzua. "Pasantea martxan dagoenean, Euskotrenek aurreikusita dauka Añorga-Pasaia tarte komunean, hamaika geltokirekin, 276 zirkulazio egitea egunean, lanegunetako zerbitzua osatzeko".
Horretarako, 62 unitateetatik 67ra handituko du Euskotrenek egungo tren-flota, "980 serieko CAF fabrikatzen ari den bost unitateak merkataritza-zerbitzuan estreinatzen hasten direnean. Tren horiek lau kotxe, 400 lagunentzako edukiera eta bainugela izango dituzte, eta irisgarritasunaren eta segurtasunaren arloko aurrerapen teknologiko guztiez gain, gero eta handiagoa den eskariari erantzuteko aukera emango dute, bai trenbide-eskaintza erregularrean, bai kultura-, kirol- edo jai-ekitaldietarako zirkulazio berezietan".


