Antolatzaileek edizio honen aurkezpenean iragarri moduan, haurren eskubideak hizpide izandako 10. Bizipoza Jardunaldia, nazioarteko bi egun esanguratsuren artean egin dute larunbat honetan, azaroaren 21ean Sutegin; batetik, bezperako, hilareko 20ko Haurren Nazioarteko Egunaren eta hilaren 30eko Herri Hezitzaileen Nazioarteko Egunaren artean.
Biei, baina bereziki azken egun horri lotuta, Oinherri Herri Hezitzaileen Sareak sareko kideei jakinarazia zienez, " herri hezitzaileen sarea osatzen dugun herri eta eragileontzat egun oso garrantzitsua izango da aurtengoa", azaroaren 30eko nazioarteko eguna alegia.
Sareko kide diren herrietako jolaserako erabiltzen ez diren espazioak hautatu eta jolaserako baliatzeko gonbita egina zuen Oinherrik eta hitzordua, amaieran, borobilean dantzan amaitzea.
Herri hezitzaileen sare horretan da Usurbil. Larunbat honetako, azaroaren 21eko 10. Bizipoza Jardunaldia baliatu dute deialdi horrekin bat egiteko. Haurren eskubideak hizpide izandako jardunaldiko hamaiketako orduan, Sutegi kultur-etxeko atariko plazatxoa hartu dute, albiste honi atxikitako bideoko dantza egiteko borobilean.
Oinherritik azaldua zutenez, "helburua belaunaldi guztiek momentu horretaz gozatzea eta batera momentu goxo bat pasatzeko aukera izatea" zen.
Sei urtez Oinherrin
Usurbil ere sare horretan da 2020. urte hasieran Udalak Oinherri herri hezitzaileen egitasmoan sartzea erabaki zuenetik. Urte hartan bertan osatu zuten egitasmoa herrian garatzeko lantaldea. Ordutik, egitasmoa bera 2020-22 udal diru-laguntzen plan estrategikoan onartu zenetik, urtero hitzarmen bidez lagundu du udalerri honek. 2023az geroztik, gainera, Udala aipatu egitasmoko bazkide laguntzailea da. Tarte honetan, urteotan, haurren nahiz helduen artean, hausnarketarako gune askeak, filosofatzeko hamaika saio antolatu ditu Oinherrikin Jakinmin elkartearekin batera.
Herri hezitzaileak sustatzea xede duen irabazi asmorik gabeko elkartea da Oinherri. 2012an sortu zutenetik, Euskal Herri hezitzaile bat lortzeko zazpi lan-ildoetan dihardute: "jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea".
Informazio gehiago oinherri.eus atarian jaso dezakezue.