Harrera beroa egin zioten larunbatean, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren ikuskizun berriari; "Musu bete urte" izeneko emanaldiari alegia.
2026a agurtzear garen honetan, urtero moduan, hutsik egin gabe itzuli dira gure artera. "Musuz bete ditzagun udazkena, negua, udaberria eta uda. Musuz urtea eta bizitza. Musuekin gure lurra ere biraka jartzen delako, kantuan eta dantzan. Eta gu berarekin! Ze zapore du marigorringo baten musuak? Konta daiteke urte oso bat musutan? Zatoz pailazookin eta jakingo duzu!”.
Hortxe, azaroaren 21erako Porrotxek, Marimototsek, Pupuk, Lorek eta gainerako lagunek egina ziguten gonbita. Harrera ezinhobea izan zuen deialdiak. Aste honen lehen egunetarako agortuak ziren larunbateko ikuskizunerako sarrerak.
Kalean zen giro haizetsu eta euritsua tarteko, hitzordu ezin aproposagoa izan zuten Oiardo kiroldegira joandakoek.
Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, eragile ezberdinek antolaturiko ekimen zikloaren baitan eskainiko da emanaldia. Aipatu emanaldiari segida emango dio Aginagako Euskararen Galak. Hitzordu horretarako sarrerak eskuragarri jarri dituzte antolatzaileek:
Euskararen Astea
Azaroak 28, larunbata
22:00 Euskararen Gala Aginagan Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "Gurean, urteroko hitzordu bihurtu den festa: bakarrizketak, musikariak, dantza eta askoz gehiago!":
-Musika: Anne Etchegoyen, Anuk eta Elene, Patrice Dumora (Akelarreko abeslaria).
-Antzerkia: "Heroiaren mina" (Gaizka Chamizo).
-Dantza: Herri Arte Eskolako klake taldea.
-Bakarrizketak: Txiki, Idoia Torregarai, Janire Atxurra.
-Magoa: Tor Magoa.
-Marrazkilaria: Unai Gaztelumendi.
Sarrerak: 10 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman edo Arrate Ostatuaan.
Antolatzailea: Eliza Zaharra Elkargunea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
