"Nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?". Haurren eskubideak mintzagai izan zituen larunbateko, azaroaren 21eko 10. Bizipoza Jardunaldiak Sutegin. Bi mahainguru egin zituzten gai horren bueltan. Hasteko, hezkuntza-arlotik, arlo juridikotik, gizarte-zerbitzuenetik eta osasun-arlotik aztertu zuten gaia, alor bakoitzean aritu eta aditu direnen eskutik. Segidan, "elkarteak eta haurren eskubideak: nondik hasi?" goiburupean, Bizipozaren baitako elkarteek hartu zuten hitza.
Jardunaldi honetan, ordea, hausnartu, esperientziak partekatu eta ezagutarazteaz gain, urrats berri bat eman nahi izan zuten, aurrera begira gauzatze bidean jarri nahi dutena. Eragiteaz ari gara.
Aurtengo 10. Bizipoza Jardunaldia aurkezteko antolatzaileek eta parte hartzaileek hilabete hasieran Potxoenean eginiko agerraldian iragarri zutenez, "haurren bizi-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren eskubideen inguruan hausnartu eta bidea egingo dugu elkarrekin". Jardunaldion helburu nagusitzat jo zuten, "haurren bizi-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren eskubideen bide-orria idaztea guztion artean", aipatu moduan, eragiten hasteko.
Eskubideen bermeak elkarrekin eraikitzea
Ildo horretan, larunbateko Bizipoza Jardunaldian Haurren Eskubideen Euskal Herriko Batzordea aurkeztu zuten, hain zuzen, azaroaren 20ko Haurren Nazioarteko Egunaren biharamunean. "Haur guztiek haien bizi-proiektua garatzeko eskubidea dute. Gure erronka eskubide horiek bermatzeko behar diren baldintzak elkarrekin eraikitzea da".
Eskubideak identifikatzeko lana bideratu nahi dute; beharrak ezagutu, hutsuneak aztertu eta hobekuntzak proposatu. Horrez gain, sarea eta parte-hartzea indartzea da sustatzaileen beste helburuetako bat. Azkenik, eragin egin nahi du batzorde horrek eta aliantzak sortu, besteak beste, administrazio publikoarekin bultzaturiko lankidetzatik eta elkarrizketaren bidez. Laburbilduz, "elkartu, entzun, adostu, ekin, eragin eta iraunkortu".
"Begirada eta esperientzia anitzak behar ditugu"
"Haurren eskubideen aldeko eragileen topagune iraunkorra" izan nahi du batzorde berriak. Elkargune horretan, ezagutza eta esperientziak partekatu nahi dira, beharrak eta eskubideak identifikatu, ahots kolektiboa eraiki, administrazioekin eragin edota proposamen bateratuak landu.
Elkarteak, familiak eta boluntarioak, hezkuntza nahiz osasun arlokoak, gizarte-zerbitzuetakoak, arlo juridiko eta teknikoa, administrazio publikoak, eta nola ez, haurrak eta nerabeak bildu nahi ditu. Bizipoza elkartetik Sutegiko jardunaldian jakinarazi moduan, "begirada eta esperientzia anitzak behar ditugu".
Lau espazioetan egituratuko da Haurren Eskubideen Euskal Herriko Batzordea. Hausnartu, adostu eta eragiteko batzordea egongo da, horren baitan laurraldeetako topaguneak tokian tokiko errealitatea, beharrak eta proposamenak jorratzeko. Talde eragilea izango du, dinamizazio, koordinazio eta jarraipen lanetarako, baita aholkularien mahaia edo laborategia deritzona ere, ezagutza espezializatuaz, aholkularitzaz arduratuko dena.
Mugarria
Duela hiru urte abiarazitako lanketaren harira dator bilgune hau martxan jarri eta garatzeko bidea. Aurrekari horien artean dira, 2020an EHU-ko irakasle, historialari eta ikertzaile Peio Manterolak Bizipozarekin eta EHUrekin lankidetzan eginiko "Euskal Herriko haurren eskubide-egoera gizarte eta hezkuntza ikuspegi batetik" izeneko Master Amaierako Lana eta bi urte geroago, Amagoia Mujika Telleria herrikideak plazaraturiko liburua: "Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da" izenekoa hain zuzen.
Aurten, haurren eskubideen inguruko lanketa bideratzen hasi dira Bizipozaren bueltan, bere baitako elkarteen esperientzietatik abiatuta. Eragiteko bost eremu identifikatu zituzten: aniztasun funtzionala, gaixotasunak, kulturartekotasuna, sexu- eta genero-aniztasuna eta familia-ereduak; eta, azkenik, heriotzaren pedagogia. Agerian geratu zen moduan, haurrek eskubideak badituzten arren, ez dituzte bermatuak. Baliabideak, koordinazioa, burokrazia, prestakuntza, familien babesa, alor horietan guztietan eragiteko alor gisa identifikatuak dituzte.
Haurren eskubideak bermatu eta iraunkortzeko bidean, non garen, noranzkoa argitu eta erronkak proposatu eta multzokatzeko Haurren Eskubideen Semaforoa sortu dute. Epe luzeko erronka litzateke, Euskal Herriko Haurren Eskubideen Mapa osatzea.
Bizipozatik argi utzi zutenez, batzorde berria bere horretan ez da helburua, "haurren eskubideak errealitate bihurtzeko" tresna baizik.
"Mugarri bat da gaurkoa" eta etorkizunean kontziente izango garela nabarmendu zuten 10. Bizipoza Jardunaldian.