Hauteskunde kanpaina erdibidera heldutako unekoak dituzue albiste honi atxikitako irudiak eta hitzak; Espainiako Gorteak berritzeko azaroaren 29rako bozketa egunerako astebete baino falta ez zela EH Bilduk Usurbilgo frontoian eginiko ekitaldikoak hain zuzen.
Ekitaldiak EH Bilduren Usurbilgo komunitatea elkartu zuen, baita eskualdeko udal ordezkariak eta haiekin ziren, hauteskundeotan Madrilgo Diputatuen Kongresurako EH Bilduk aurkezturiko Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrieta Legrand, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile eta herrialde honetako Batzar Nagusietako diputatu Maddalen Iriarte Okiñena eta Mertxe Aizpurua Arzallus herrikidea. Kalezarzakoa, 2019az geroztik Madrilgo Diputatuen Kongresuan EH Bilduren bozeramailea izan da, 2011-15 legealdian Usurbilgo alkatea izan zen.
Azaroaren 29ko hauteskundeak deitu ostean jakinarazi zuen moduan, Aizpuruak bere ibilbide politikoa amaitutzat ematea erabaki zuen. Honenbestez, larunbat honetan frontoian egindako agerraldia berezia izan zen, bere azken kanpainakoa.
"Herriari lotuta bizitzeko modu komunitarioa da, aske egingo gaituena"
Usurbilgo EH Bilduk bere ibilbide emankorra irudi eta hitzen bidez errepasatu zuen. Bertso eta opari banarekin omendu zuten Usurbilgo alkate ohia. Esker on eta eginiko lanaren aitortza ekitaldia ere izandako horretan hitza hartu zuen. Beste ezer baino lehen, aita ekarri zuen gogora, "bizitzako irakaspen onenak eman zizkidan" pertsona, "txikitatik berarengandik ikasi nuelako herria, Euskal Herria maitatzea zer den. Berak irakatsi zidan zer den zintzotasuna, udaletxean emandako hainbeste urteetan promotore urbanistikoen txantai eta mehatxuei aurrei egiten zienean. Duintasuna zer den berak erakutsi zidan, Gobernu Zibilean atxilotua zegoen adingabeko semea etxea ekartzeari uko egin zionean, berarekin kalabozoan zegoen laguna askatzen ez bazuten. Elkartasuna eta klase kontzientzia zer den berak erakutsi zidan, 60ko hamarkadan, herri honetara etorritakoe hasierako egunetan lo egiteko tokiren bat bilatzen zienean, mojetako eskolan, erabiltzen ez zen gela batean, edo herriko beste lokal batean. Elkartasuna, zintzotasuna eta duintasuna, gaur egun, EH Bilduren marka bihurtu diren baloreak. Eta besteak beste, berak erakutsi zidan ere Euskal Herria maitatzeko, askatasunaren ametsa egi bihurtzeko bide horretan lan jarraia behar dela" eta horrez gain, "herriari lotuta bizitzeko modu komunitarioa dela, aske egingo gaituena".
"Eskertza eta garaipena zor diegu"
Argi zioenez, "norbait banaiz, usurbildarra izateaz harro dagoen usurbildarra naiz". Izan ere, "askotan esan dut, izugarrizko zortea dugula hemen bizi garenak. Neurriko herria dugu, herri bizia, euskalduna, herri zaindua eta zaintzailea. Herri emankor batean bizi gara" eta hori guztia "kate luze batek lotutako baloreen emaitza" dela zioen. Gogora ekarri zuen, kate horretan katebegi izandako bere alkatetza garaia eta urte haietan bidelagun izan zituenen lana aitortu zuen, baita bere aurreko nahiz ondorengo legealdietako udal ordezkariena ere. "Hamarkada gogor eta zailenetatik hasi ziren haiei segida emanez, Usurbil hobeago bat egiteko. Aspalditik datorren kate luze horri esker, gaur ezagutzen dugun Usurbil hau dugu. Horretaz guztiaz harro egon gaitezke, Ezker Abertzalearen taupada sentitzen zuten pertsonak izan ditugulako udaletxean, hirigintza basatiarenpean Usurbil erori ez zedin, borroka egin delako betidanik, euskara eta gure kultura babesteko borrokatu delako betidanik. Horiei guztiei zor diegu, gure herria den bezalakoa izatea", baita beste hainbat herri ere. Euskal Herri hobea eraikitzen aritutako eta ari direnen "guztiei zor diegu eskertza eta garaipena, garaipena ere zor diegu".
"Zer eta nor garen erakutsiko dugu"
Alkatetzan ikasitakoa Madrilgo Diputatuen Kongresuan aplikatu duela azaldu zien frontoira joandakoei. "Aitortu behar dut, harro eta pozik nagoela egin dugun lanarekin eta lortu dugun guztiagatik. Madrilen ere ez dakizue zenbatek eta zenbatek eskertzen diguten gure lana; zenbat aldiz esaten diguten kalean, Euskal Herrian bizita EH Bildu bozkatuko luketela".
Bere ibilbide politikoa amaitutzat eman arren, "EH Bilduren parte izaten jarraituko du", jakinarazi zuen Aizpuruak. Azaroaren 29ko hauteskundeei begira adierazi zuenez, "gehiago izango gara eta ordezkaritza zabalagoa eramango dugu Madrilgo Kongresura, aurrean ditugun laino beltz horiei erantzuteko eta eskubide nazional eta sozialetan aurrera egingo dugulako". Bere esanetan, "azaroaren 29an erakutsiko dugu, hemen, etsitzen ez duen herri bat dagoela, makurtzen ez dena. Gurekin ez dute amaituko" eta, horrez gain, "zer eta nor garen erakutsiko dugu; herri duin bat, hortzak estutuz batzuetan baina inoiz irribarrea galdu gabe, erreakzionarioei zaplazteko ederra emango dion herria garela, hori frogatuko du".
Madrilen emandako urte hauetan guztietan, eskerrak eman nahi izan zizkien, bere ibilbidea hurbiletik jarraitu edo bidelagun izandakoei, "egunero jaso dudan babes eta maitasunagatik. Egin irri, irabaztera goaz eta!".
"Aurrera egiten jarraitzeko prest dagoen herria"
Hitza hartu zuten gainerako EH Bilduren ordezkarien aldetik, eskertza eta aitortza mezuak jaso zituen. Usurbilgo egungo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak adierazi zionez, "eskerrik asko egindako bideagatik eta emandako guztiagatik eta etorkizunerako utzitako arrastoagatik".
EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak eta Madrilgo Diputatuen Kongresuaren hautagaiak ere esker eta aitortza hitzak helarazi zizkioten Aizpuruari, haien hauteskunde kanpainako mezuak igorri aurretik.
Oihana Etxebarrietaren esanetan, "azaroaren 29an EH Bilduren botoak biltzeko deia egiten dugu, argi erakusteko beste politika bat egin daitekeela eta guk egiten dugula". Hauteskundeotan ezer amaitzen ez dela argi utzita, datorren legealdian "eskubideak irmo defendatzen dituen antolatutako gorputz kolektibo hau topatuko dute parean, atzerapausoei ateak ixten dizkiona, eta aurrera egiten jarraitzeko prest dagoen herria".
Iriarterentzat EH Bildu baliagarria izango da Madrilen "eskuin muturrari aurre egiteko, bloke erreakzionarioari aurre egiteko eta politika sozial aurrerakoiak, ezkertiarrak aurrera eramateko, jendearen bizitza babesteko politikak egiteko". Bere esanetan, "herri txiki bat gara, baina superpotentiza bat" aldi berean.