Askotariko gaien zerrenda luzea, osteguneko udalbatzaren osoko bilkurarako

Noaua Aldizkaria

Ostegunerako, azaroaren 26rako deitua du Usurbilgo Udalak azaroari dagokion udalbatzaren osoko bilkura. Askotariko gaiak hartuko dituzte ahotan.

Diru kontuak, adierazpenak, mozioak, esleipenak... Askotariko gaiak hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek, ostegunerako, azaroaren 26rako deitutako azaroari dagokion osoko bilkuran. Udaletik helarazi berri digute, hiru egun barru egingo den saiorako gaien zerrenda osoa. Segidan duzue.

EH Bilduren udal gobernu taldeak berriki agerraldi bidez iragarri moduan, 2027. urterako udal aurrekontuen egitasmoa eramango du hilaren 26ko osoko bilkurara. Hasieraz onartu edo ez erabaki beharko dute udal taldeek. Azken urteon ildotik, aurrekontuekin batera, 2026-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 2027ko eranskina eta urte berrirako Plantila Organikoaren onarpena ere mintzagai izango dute.

Diru kontuez gain, bi esleipen, Artzabali eta haur eskolari lotutakoak ere ahotan hartuko dituzte, Udalaren eta NOAUA! K.E.-ren lankidetza hitzarmenarekin batera.

Gaiokin batera, bi egun seinalatu ditugu ate joka; azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna eta abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna. Bi egun horiei lotutako adierazpen bana onartzekoak dira osteguneko osoko bilkuran. Adierazpenoz gain, gai berari buruz bi mozio ere aurkeztuko dira; "EAJ udal taldeak aurkeztutako mozioa, Ertzaintzari eta Euskadirentzako segurtasun eredu integralari buruzkoa, eta honen aurrean EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa".


Zuzenean eta bideo-aktak
Gogoan izan, iazko udaz geroztik egiten ari diren moduan, udalbatzaren osoko bilkura hau ere zuzenean jarraitu ahalko duzue Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean.

Bertan jasoak geratzen dira zuzeneko emanaldi horiek. Gerora, usurbil.bideoaktak.eus atarian ere ikusi ahalko dituzue saio horren eta datozenen bideo-aktak ere. Izan ere, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki", osoko bilkuren digitalizazioan urrats berria eman du Usurbilgo Udalak Goienaren laguntzarekin: bideo akten tresna martxan jarri dute. Hala, aurrerantzean, "osoko bilkurako edukiak sailkatuta" ikusi ahalko dira, "puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", aipatu usurbil.bideoaktak.eus atarian.

Udalbatzaren osoko ohiko bilkura
Eguna: azaroak 26, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako aktak onartzea:
1.1.- 2026ko urriaren 29ko bilkurako akta.
1.2.- 2026ko azaroaren 2ko bilkurako akta.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2026ko urriaren 26tik azaroaren 20ra (2026/1509-2026/1642).
3.- 2027ko Aurrekontu Proiektua hasieraz onartzea (2026EKAU0001).
4.- 2026-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 2027ko eranskina onartzea (2026EKDG0002).
5.- 2027ko Plantila Organikoa hasieraz onartzea (2026FAZE0002).
6.- Igor Gorriti Lizaso SLU enpresari esleitzea Artzabal taberna jatetxearen ustiapen eta zerbitzu emakida kontratua (2026LIZE0001).
7.- Usurbilgo Udal Haur Eskola zerbitzuaren lizitazioan jarritako behin betiko bermea itzultzea (2024LIRZ0001).
8.- Noaua! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmena onartzea (2026UHIT0004).
9.- Azaroak 25eko Adierazpena: Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna (2026IMOZ0007).
10.- EAJ udal taldeak aurkeztutako mozioa, Ertzaintzari eta Euskadirentzako segurtasun eredu integralari buruzkoa, eta honen aurrean EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa (2026IMOZ0008).
11.- Abenduak 3, Euskararen Eguneko Adierazpena: Estatus berri bat euskararentzat (2026IMOZ0009).
12.- Galderak eta eskaerak.