"Esnatu Usurbil"

Egunotan abiatuko dute gogoeta-prozesua

Noaua Aldizkaria

Abiatzera doa "Esnatu Usurbil" dinamikaren baitan, "herrian euskara biziberritzeko estrategia zehaztea" helburu izango duen gogoeta-prozesua. Lehenbizi talde elkarrizketak egingo dituzte. Herritarrak eta eragileak bateraturiko saio irekien txanda izango da 2027an.

Elhuyarrek dinamizatuko du prozesua. Hango ordezkari Uxue Loinaz Urruzolak aurkeztu zituen gogoeta-prozesu horren nondik norakoak, azaroaren 18an Potxoenean eginiko dinamikaren aurkezpen ekitaldian. "Euskaratik gertu nahiz urrun daudenengana iritsi" nahi dute, Loinazen esanetan.

Talde eragile antolatu bat bada. Bertan dira Usurbilgo Udala, Udarregi ikastola, Etumeta AEK euskaltegia eta NOAUA! Kultur Elkartea.

Baina norbanako eta eragile oro prozesu honen parte izatera gonbidatu nahi dute. Horretarako, bi faseko gogoeta-prozesua antolatuko du talde eragile horrek asteotan. Egoera soziolinguistikoaren irakurketa osatu eta herriko mapa soziala osatzea izango ditu beste eginkizunen artean.

"Herri estrategia adostu"
Gogoeta-prozesua aste honetan bertan abiatzekoa dute. Hasteko, sektorekako talde elkarrizketak bideratu asmo dituzte. Hala, sektore sozioekonomikoa, aniztasuna, zaintza, aisialdia, hezkuntza ez-formala, kirola, gazteak, Usurbilgo herri eta auzoak, gurasoak, helduak... Sektore edo talde guztiokin bildu nahi dute. Loinazek Potxoeneako saioan aurreikusi moduan, "entzute ariketa" bat izango da, egoera partekatu eta gaia nola bizi duten jakiteko.

Gero, gogoeta-saio irekiak helduko dira. 2027an izango da. Fase horretan, "egoera soziolinguistikoa eta prospekzioa partekatu" nahi da; datorren hamarkadarako "misioa zehaztu, etorkizuneko erronkak landu eta adostu"; eta azkenik, herri estrategia adostu, hau da, "eragin-eremuak lehenetsi eta herriko euskalgintzaren lan-dinamika" adostu nahi da.

Gogoeta-prozesua
Talde elkarrizketen saioak:
-Azaroak 24, asteartea: aniztasuna.
-Azaroak 26, osteguna: zaintza.
-Abenduak 2, asteazkena: sektore sozioekonomikoa.
-Abenduak 9, asteazkena: aisialdia, hezkuntza ez-formala, gazte eremua eta kirola.
-Abenduak 15, asteartea: gurasoak/helduak.
-Urtarrilak 13, asteazkena: herri-auzoak (Kalezar, Santuenea, Zubieta, Aginaga eta Txokoalde.

Gogoeta-saioak: 2027an.