Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) abiarazi zuen ekimena udaberrian. Urriko azken osteguneko udalbatzaren osoko bilkuran egitasmo horri lotutako mozioa onartu zuen EH Bilduk eta EAJ-k. Argi ohartarazi du UEMA-k; "gaur egun bezala jarraituz gero, eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela diote ikerketek, eta horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimena da, hainbat eragileren laguntzarekin". Ildo horretan, "era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten haien konpromisoak sustatzea" da, iragan asteazkenean Potxoenean aurkezturiko dinamikaren helburua.
Aretoa betetako saioan, euskarak bizi duen egoera eta horri aurre egiteko herri-dinamika aurkeztu zuten. Egitasmoaren sustatzaileen taldean dira Usurbilgo Udala, NOAUA! Kultur Elkartea, Udarregi ikastola eta Etumeta AEK euskaltegia. Eragileotako ordezkariek hartu zuten hitza, hitzorduan zehar. "Hizkuntza politikez sakon pentsatu behar da", zioen euskararen alorreko zinegotzi Maialen Iñarrak.
"Geldialdia atzeraldi" bilakatzeko arriskua
"Esnatu Usurbil" dinamikaren zenbait aurrekari aipatu zituen, gaia kokatze aldera. Batetik, iaz, Garikoitz Goikoetxea kazetariak eta Iñaki Iurrebaso soziolinguistak argitaraturiko "Esnatu ala hil: euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan" izeneko liburua. Lanketa horrekin euskararen bilakaeraz eta egoeraz ohartarazi nahi izan zuten egileek. Euskararen biziberritzea noraez modukoan murgildua zela zioten. Esnatze baten premia agerikoa izan eta euskara bultzada baten beharrean dela.
Gai horri buruzko txostena osatu zuen Udalak. Eragileekin partekatu zuen. Agerian geratu zen, herri estrategia bateratu baten premia. Txostenak berak argi dioen moduan, "gaur egungo testuinguru aldakorrean, eta etorkizuneko proiekzioa aintzakotzat hartuta, hizkuntza-politikak pentsaldi sakona behar duelakoan gaude. XX. mendeko hizkuntza-politikek ez dute balio egungo errealitateari erantzuteko".
Ohartarazpen argia biltzen du dokumentuak. "Hizkuntzaren biziberritzearen prozesua ez dago osasuntsu. Orain arte egin ez den zerbait egiten ez bada, geldialdia atzeraldi bilakatuko da hurrengo urteetan". Horregatik, "eragile guztiok larritasunaren kontzientzia hartu behar dugu. Euskararen aldeko herri mugimendua arnasberritu behar da. Komunitate-estrategia bat eraikitzeko beharra dugu". Testuinguru horretan abiarazi dute "Esnatu Usurbil" dinamika.
Askotariko hizkuntzak kudeatzeko erronka
Talde bultzatzailea osatu duten eragileek haien ikuspegia partekatu zuten azaroaren 18an Potxoenean eginiko aurkezpen ekitaldian. Haien kezkak, zalantzak, erronkak partekatu zituzten kultur-etxera joandakoekin.
Udaletik euskara zinegotzi Maialen Iñarra Usurbilgo jatorri aniztasunaz aritu zen. Gaia aberastasun moduan ulertzen du Udalak eta horri lotutakoa du 2020tik abian duen lan-ildo nagusietako bat, "jatorri aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko plana", "jatorri eta kultura anitzetako herritarren arteko ezagutza, harremanak eta elkarbizitza hobea areagotzeko asmoz".
Alor horretan, erronken artean, Iñarrak hizkuntzak kudeatu beharra aipatu zuen. Datuetara jo zuen. Egun, Usurbilgo herrikideen artean, "bostetik bat Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da". Lehen aldiz, gehiago dira estatu espainiarretik kanpo jaiotakoak (%10 eta %9,4 hurrenez hurren) eta "alde hori handitzen joatea espero da". Horregatik, jatorri anitzetako herritarrok haien sorterrietako "hizkuntza ofizialak hitz egin ditzaketela aintzat hartuz gero, gaztelaniaz gain, litekeena da honako hiztun-komunitate hauen presentzia egotea Usurbilen: arabiera, urdu, punjabera, errumaniera, portugesa, katalana edota jatorriko herrialde horietan hitz egin ditzaketen bestelako hizkuntza ez-ofizialak".
Baliabide berrien beharra
Udaleko euskara teknikari Iñigo Otaegik "oinordetzan jasotako baliabideak egokitu eta berriak eskaintzeko beharra" nabarmendu zuen. Horregatik, egunotan abiatuko duten gogoeta-prozesuak hainbat pista lagungarri ekarriko dituelakoan da.
Alor horretan, Udaletik zertan ari diren, egun zer baliabide eskaintzen dituen azaldu zuen eta baita, zer nolako zailtasunak izaten dituzten ere. Esaterako, euskara ikasten ari direnentzako dirulaguntzak eskaini, Buruntzaldean gainerako udalekin lankidetzan hainbat egitasmo sustatu edota UEMA-rekin lankidetzan aritu ohi dira. Baina herrian antolaturiko jendaurreko ekintzak hartu zituen ahotan. Euskara lehenetsi behar dela argi izanda, adibidez, "aldi bereko itzulpen zerbitzua zeinetan" eskaini behar den, galdetu zuen. Euskara irisgarri izateko tarteko bideak baliatzea elebitasunarekin parekatzeko arriskuaz ohartarazi zuen, alegia, "bi hizkuntzak parean jartzekoa". Horren harira zioenez, "hainbat hizkuntza kudeatzen ez gaude ohituak".
Euskalduntzeaz ere aritu zen. Azken urteotan abian dituzte euskara errefortzurako saioak edota euskara ikasten hastekoak, herritarren hainbat kolektiboei zuzendurikoak. 2027an, euskaraz ez dakiten langileei zuzenduriko saioak abiatu asmo dituzte. Udalak euskara "ikasi nahi baina ezinean" dabiltzanak identifikatzeko eginiko galdetegiak azaleraturiko emaitzen harira iragarri dituzte saiook.
"Ondo ari ote gara?"
"Esnatu Usurbil" dinamikaren sustatzaileen artean da baita NOAUA! Kultur Elkartea ere. Bertako dinamizatzaile Alaitz Aizpurua Labakak Potxoeneako aurkezpen saioan gogora ekarri moduan, bilgune honek 30 urte bete ditu aurten. Hiru hamardaketan aritu da euskara eta euskal kultura biziberritzen, tokiko hedabidearen nahiz hamaika egitasmo bideraturiko kultur elkartearen bidez. "Esparru desberdinetan aritu gara eta aritzen gara"; hala nola, aisialdian, eskola kirolean, turismoan, kulturgintzan, euskalgintzan eragiten dihardu NOAUA! K.E.-k.
Hiru hamarkada hauetan gizartea nabarmen aldatu dela zioen Aizpuruak, "hori ikusten ari gara", abiada bizian gainera. Horregatik galdetzen zuenez, "ondo ari ote gara? Duela 30 urte hartutako erabakiak aski izan ziren? Egokitu beharrak daude?". Argi du, "estrategia amankomun" bat behar duela herri honek, NOAUA! K.E.-k bertan egon behar duela, baina "gainerako eragileekin eta herritarrekin batera eragin behar dugu". Ildo horretan, abiatzear den gogoeta-prozesua, "ariketa interesgarria" izan litekeela zioen, aipatu kultur elkarteko dinamizatzaileak.
"Euskarak herria behar du"
Etumeta AEK euskaltegiak ere bat egin du euskara biziberritzeko herri estrategia definitzeko lanketa prozesuarekin. "Gure arloa ezagutzarena da", adierazi zuen euskaltegiko irakasle Rosa Zubeldiak, hilaren 18ko Potxoeneako aurkezpen ekitaldian. Hari horri tiraka zioenez, "euskara ezagutzea, jakitzea eskatzen dugu". Baina gainerakoen antzera, kezkati agertu zen. "Gure betiko kezka, zalantza, ezina eta ardura da, ezagututakoa nola erabili, zer baliabide eman euskara erabili dezaten". Badira baliabideak, Zubeldiak Mintzalagun egitasmoa aipatu zuen adibide gisa, "halere, ez da aski".
Bere esanetan, euskaltegian nabarmendu dute ikasle hasiberrien kopurua hazi egin dela, "ilusioz datoz". Ezagutzan sakontzen duten arren, gero erabilerarako baliabide falta dagoela zioen, atzerakada gertatzen dela ezagutza hori praktikan jartzerakoan. "Urteetan ikusi dugu joera" hori, Zubeldiaren esanetan. Esaterako, gure artera bizitzera datozenen artean, bizitzeko euskara beharko zutela argi izan, baina "gaztelaniaz moldatu gaitezke" hori entzutera heltzeraino.
"Behar dugu beste zerbait. Erabilera erreala handitzeko beharra dugu", zioen Zubeldiak. Horretarako, argi du, "euskarak herria behar du, herritarrak behar dituzte ezagutza bila datozenek, bidelagun euskaldunak". Egoera hori iraultzeko egin du bat euskaltegiak dinamika honekin, "ardura hartu beharra dugu" eta, Zubeldiaren esanetan.
Euskararen maila okertzen, erdarak presentzialtasun handiagoa
Udarregi ikastolak ere bat egin du "Esnatu Usurbil" dinamikarekin. Talde eragilean den ikastetxeko zuzendari Ainhoa Iturzaetak izandako atzerapausoez ohartarazi zuen Potxoeneako aurkezpen ekitaldian. Nabari dute ikastolan, ama-hizkuntza euskara gabeko ikasleen kopurua handitu dela eta baliabide falta dutela askotariko egoerei erantzuteko. Datu argigarri bat eskaini zuen Iturzaetak. Ikastolan hizkuntzen mapa osatua dute, hamabost hizkuntzetan mintza daitezkeen ikasleak dituzte ikastolan. Horrekin batera, "ikasleen euskara maila eskasten aritu eta erdararako joera" handitu dela sumatu dute baita.
Euskara biziberritzeko hainbat egitasmo dituzte martxan ikastolan; esaterako, "euskararen sustapena eta erabilera bultzatzera bideraturiko Hizkuntza Proiektua (HIZPRO). Bertatik bideratzen dute "Euskararen Eguna, hizkuntz errealitateko neurketak, gurasoen ikastaroak...". Horrekin batera, DBH 3 eta 4 mailetako ikasleek osaturiko euskara biziberritzeko taldearen ekarpena ere nabarmendu nahi izan zuen Iturzaetak. Horrez gain, Udarregi gainerako ikastolekin batera, hezkuntzatik euskara biziberritzeko eta murgiltze eredua indartzeko lanketa prozesuan dira. Potxoeneko hilaren 18ko aurkezpen egunean bertan, Ikastolen Elkarteak 30. Jardunaldi Pedagogikoak egin zituen gai horren inguruan.