"Esnatu Usurbil"

"Arnasguneak gutxitzen ari dira. 2036rako desagertzeko zorian egongo lirateke"

Noaua Aldizkaria

Euskara biziberritzeko herri estrategia baten beharra agerikoa da, azaroaren 18an Potxoenean eginiko aurkezpen saioan Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak argi utzi zuen moduan. Datu sorta argigarria aurkeztu zuten, "Esnatu Usurbil" dinamikaren aurkezpen saioaren baitan.

Gaia kokatze aldera, euskarak azken mendean hiru aro bizi izan dituela azaldu zuten Potxoenean; 1906-71 artean, "ordezkapen-aroa" deiturikoa. Tarte horretan, izan ziren 1936ko gerra eta haren osteko diktadura eta aro horren amaieran, migrazio mugimenduak. Segidan, 70. hamarkada hasieran indarberritze-aroan murgildu zen euskara 2001. urtera arte. Ordutik, azken hogei urteotan, Potxoeneako aurkezpen saioan UEMA-ko euskara teknikari Elixabet Urzelai Gonzalez-Etxabarrik zioen moduan, "ezagutza asko hazi" arren, "askotariko arrazoiak" tarteko, geldotze-aroan da euskara.

Arootan barrena euskarak izan duen bilakaera datuak zenbakitan jarrita, hona hemen, Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) 2024an argitaraturiko zenbait ehuneko; hasteko, Hego Euskal Herriko "haur txikien lehen hizkuntzan euskarak izandako pisuari" lotutakoak. 1906an, %41ekoa zen, 1936ko gerra garaitik indarberritze-arora heldu arte, %36,2tik %17,8ra murriztu zen. Indarberritze-aroan zehar, %27,2raino handitu zen 90. hamarkada amaieran. Ordutik, euskara geldotze-aroan da aipatu moduan (%24,2 2016an, %26,5 2021ean). UEMA-ren arabera, "zenbait daturen arabera, galera berri baten atarian egon gaitezke".

Atzerapausoak belaunaldi berrietan
Izan ere, iaz, Siadeco Ikerketa Elkarteak 2036. urterako proiekzio demolinguistikoa landu zuen. "Esnatu Usurbil" dinamikaren aurkezpenean argitu zuten moduan, azterlan hau "ez da datorrenaren iragarpena. Gaurko joerek eta politikek bere horretan jarraituz gero, zer gertatu daitekeen erakusten du" azterlan horrek. Hasteko, egun jaio baino pertsona gehiago hiltzen da. Gizartea zahartzen ari da. "Migratzaileek orekatzen dute saldo negatibo hori", UEMA-ko teknikariak Potxoenean gogorarazi moduan. Ondorioz, "hiztun-tipologia aldatzen ari da. Egoera horrek harrera- eta hizkuntza-politika berezituak eskatzen ditu".

Horrekin batera, arnasguneak gutxitzen doaz eta, adi, "2036rako desagertzeko zorian egongo lirateke", Siadecoren proiekzioaren arabera. Horrekin batera, "atzerapausoak" nabari dira belaunaldi berrietan. "Gero eta haur gutxiagok jasotzen du euskara etxean. Ezagutza maila hazten doa, baina gaitasuna ez da neurri berean hazten ari".

Arnasgune beterik ez 2036an
UEMA-k 2021ean, nagusitasun-eremuaren arabera sailkatu zituen Hego Euskal Herriak. Horren arabera, erabilera %80tik gorakoa zuten udalerriak "arnasgune bete" gisa izendatu zituen, arnasgune erasan moduan %60-80 arteko erabilera zutenak, nagusitasunik gabekoak %40-60 arteko erabilera zutenak, erdararen nagusitasun ez erabateko gisa %20-40 arteko erabilera zutenak eta erdararen nagusitasun handiko udalerri moduan, %20tik beherako erabilera zutenak. Siadecoren prospekzioaren arabera, 2021ean bost ziren arnasgune beteko (%80tik gorako erabilera zuten) Hego Euskal Herriko udalerriak. 2036an ez da halakorik izango eta 70etik 21era murriztuko dira arnasgune erasanak. "Arnasgune erasanetan, 7.267 biztanle soilik egongo dira, 21 udalerritan banatuta".

Bestalde, 304tik 310era handituko dira erdararen nagusitasun handiko udalerriak, 72tik 93ra erdararen nagusitasuna erabatekoa izango ez dutenak; 72tik 99ra nagusitasunik gabekoak.

Horrekin batera, hamar urte barru, lehen hizkuntza euskara duten 2-14 urte arteko haurrak %18,7tik (2001ean) %13,6ra murriztu daiteke, egungo joerek bere horretan segiz gero.

Ingurua baino euskaldunagoa
Testuinguru orokor hori Usurbilen nola "lurreratzen" den ere azaldu zuten. UEMA-ren 2025eko "Koaderno demolinguistikoa" izenekoaren arabera (herriz herriko euskararen egoerari buruzko azterlan eguneratua), "nagusitasun argirik gabeko udalerria" da Usurbil. Euskararen erabilera, %40-60 artean du. Etxean, %49,2ko erabilera du euskarak herri honetan (%50,8 erdarak), kalean handiagoa, %59,2koa (%40,8a erdarak).

Ezagutza, noski, askoz handiagoa da; erabilera, bistan denez, ez hainbestekoa. Aldiz, Usurbilgo udalerria Gipuzkoako eta Hego Euskal Herriko erabilera datuekin alderatuz gero, gipuzkoarren %86 eta Hego Euskal Herriko herritarren %94 "Usurbil baino ingurune erdaldunagoan bizi da". Inguruko udalerrietara etorrita, Usurbilen antzera dago Orio, nagusitasunik gabeko udalerria da hura ere, %40-60 arteko erabilerarekin. %60-80 arteko erabilera duten udalerrien artean da Aia, hortik behera dira gainerakoak; %20-40 arteko erabilera duten udalerrien artean Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Andoain eta Donostia zein Lasarte-Oria, %20tik beherako erabilera dutenen artean.

Erdal gaitasun handiagoa
Aipatu moduan, beste hainbat ikerlanek argi utzi moduan, erabilera baino askoz handiagoa da euskararen ezagutza Usurbilen. 2021eko datuen arabera, udalerri honetako %72,8 euskaldunak ziren, %13,1 ia euskaldunak eta %14,1 erdaldunak. 1991-2021 urte artean, %66tik %72,8ra handitu da euskaldunen ehunekoa udalerri honetan, ia euskaldunena bere horretan mantendu da tarte berean (%14,1etik %13,1era murriztu zen) eta murriztu egin zen erdaldunen ehunekoa, %19,8tik %14,1era.

Euskara ezagutu bai, baina 16 urtetik gorakoen artean, ahozko hizkuntza-gaitasuna nolakoa den ere aztertu zuen UEMA-k duela bost urte. Bildutako datuen arabera, erdal gaitasuna dutenen ehunekoa %43,9a zen (2.239 hiztun) eta euskal gaitasun nagusi zutenena %34,7koa (1.170 hiztun).

Datu gehiago. 16 urtetik gorako hiztunak, "ahozko hizkuntza-gaitasunaren arabera" multzokatuz gero, adi; %97,6a gaztelaniaz hitz egiteko gai da; aldiz, %68,9a da euskaraz hitz egiteko gai Usurbilen; %98,7ak gaztelaniaz ulertu eta %73,6ak euskaraz ulertu arren.

Kalean erabiltzen den hizkuntzari erreparatu zion Soziolinguistika Klusterrak aldiro eginiko azterlanean. 2021ean, euskaraz ari ziren hiztunen %62,8a, gaztelaniaz %36,5a. Aldiz, "euskal gaitasuna nagusi" zuten hiztunen portzentajea %34,7koa zen.

Erabileran nagusitasun argirik ez
Datu guztiokin ondorioztatu zuten moduan, "Usurbil eskualdeko eta Gipuzkoako herri euskaldunenetako bat da". Baina kontuan hartzeko datuak segidan; %34,7koa da euskal gaitasuna nagusi duten herritarren ehunekoa. Horrez gain, "euskaldun asko gara, baina erabileran ez dago nagusitasun argirik (%40-60 artean). Belaunaldi berrietan atzerapausoak hautematen hasi dira".

Horregatik, UEMA-ko teknikariak hilaren 18an Potxoenean eginiko aurkezpenean argi utzi bezalaxe, "euskararen bilakaera guztion ardura da. Herritarrontzat aukera eta ardura da udalerri euskaldun izatea". Horregatik hain zuzen, "lider eta motor izan behar dugu euskararen biziberritze prozesuan". Hortik herri estrategia bateratu baten beharra, Usurbil martxan jartzera doana egunotan.