Etenik gabeko euri-jasa arriskuagatik 24 orduko alerta laranja ezarri dute asteazkenetik ostegunera

Noaua Aldizkaria

Abisu horia ezartzekoak zirela iragarri arren, ohartarazpena gogortu du Euskalmet-ek. Izan ere, "prezipitazio iraunkorragatik" alerta laranja ezarriko du Eusko Jaurlaritzak asteazken goizeko 9:00etan hasi eta 24 orduko tartean. Horrez gain, haizeagatik ere abisu horian izango gara.

Euritara joko du hurrengo orduotan. Euri-jasak izan ditzakegu, etenik gabekoak gainera. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "prezipitazio iraunkorragatik" alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzak asteazken goizeko 9:00etan hasi eta 24 orduz, ostegun goizeko 9:00ak arte. Tarte horretan, "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan 24 ordutan 80 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu; euria iraunkorra izan daiteke. Zaparradak zenbait lekutan handiak izan daitezke. Trumoi-ekaitzak izan daitezke".

Horrez gain, haizeagatik ere bi abisu hori izango dira indarrean asteazkenean; batetik, bihar eguerditik gauerdira, haizeguneetan "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete". Horrekin batera, haizeguneak ez diren tokietan ere abisu horia ezarri dute asteazken eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 18:00ak arte. Tarte horretan, "Kantauri isurialdean, haizeguneak ez diren lekuetan, mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete".

Egunotarako iragarpena
Giro honekin, astearte hau, azaroaren 24a amaitu aurretik, "arratsalde-gau partean euria egingo du. Hegoaldeko edo hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Asteazkenean, hilaren 25ean, "giroa goibel eta euritsua egongo da", Euskalmet-en arabera. Izan ere, "eguraldiak negu itxura hartuko du. Zaparradak edonon egingo ditu, hala ere euria sarriago eta mardulago egingo du Kantauri isurialdean, gainera baliteke tarteka trumoiak jotzea". Horrez gain, "mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, goizean goiz hego-mendebaldekoa nagusi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Ostegunean, hilaren 26an, "zerua hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak egingo ditu, zenbait lekutan ertainak. Gauean atertu egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean indarra galduko du eta ipar-osagaira egingo du, ahul-bizi. Tenperatura minimoak aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira", Euskalmet-en arabera.

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.


Gomendioak
Datozen orduotako alerta laranja tarteko, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak "arreta handiz jokatzearen eta autobabeserako gomendioak jarraitzearen garrantzia" gogorarazi du.  Honako gomendio sorta plazaratu du, "prebentzio-neurri gisa":
-Mendira irteerarik eta aire zabaleko txangorik ez egitea.
-Ibilgailurik ez aparkatzea eta kanpalekurik ez jartzea ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan, urak bat-batean gora eginez gero ezustean harrapa ez gaitzan.
-Ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen lekuetatik eta urpean gera daitezkeen garajeetatik ateratzea.
-Autoz beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea. Bidaiatzea ezinbestekoa bada, ahal dela, errepide nagusietatik eta autobideetatik zirkulatzea, arreta handiz.
-Urak edo haizeak eraman ditzakeen objektuak kentzea, bereziki kalteak edo kutsadura eragin ditzaketenak.
-Inguruko hustubideen egoera aztertzea eta oztoporik gabe mantentzea.

Larrialdi-egoeran:
-Ibaietatik, ur-lasterretatik, zubietatik eta urpean gera daitezkeen eremuetatik urruntzea. Urpean dauden eremuak ez zeharkatzea, ez oinez, ez ibilgailuz, uraren indarrak eraman baikaitzake.
-Mendi-hegalen eta muinoen behealdeak saihestea, lur-jausiak eta ur-, harri- eta lokatz-jausiak gertatzeko arriskua dela eta.
-Etxebizitza batean uholdea gertatuz gero, sotoak eta beheko solairuak lehenbailehen uztea eta leku garai eta seguruetara joatea.
-Etxebizitza utzi behar izanez gero, eta segurtasunez egin badaiteke, elektrizitatea deskonektatzea eta gasaren eta uraren giltzak ixtea.
-Egoera meteorologikoaren bilakaerari buruzko informazioa kanal ofizialen bidez jarraitzea.

Larrialdiren bat gertatuz gero, 112 telefonora deitu behar da.