Azken urteotan biltzeko egoitza ofiziala dute Sutegi kultur-etxeko auditorioa. Duintasuna Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen elkarteari buruz ari gara. Astearte goiz honetan, azaroaren 24an, bertan bildu dira. Gaurkotasun handiko gaiak hartu dituzte ahotan, pentsio duinak, egoera politikoa edota zaintza besteak beste, pentsiodunen egoera erdigunean jarrita. Ekainean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eginiko batzarrean landutako edukia herrialdez herrialde onartzeko bilkura izan dute gaurkoa Sutegin.
Bederatzi urteotako borrokan lorpen garrantzitsuak izan dituztela ekarri dute gogora, borroka dela hain zuzen "gauzak lortzen segitzeko tresna". Honenbestez, bide horretan, irmotasunez jokatzen segitzeko deia egin dute, are gehiago garrantzitsutzat jo duten une honetan. Ate joka dugun bozketa eguna "amore ez" emateko aukera gisa baliatzeko gonbita egin dute, eta gerora ere, "helburu guztiak lortu arte borrokan segitzea" galdegin dute. Izan ere, "aldarri mordoa" dute oraindik, betetzeke daudenak; besteak beste, Euskal Herrirako gizarte segurantza sistema propioa gauzatzea, gai honetan ere, "hemen erabaki ahal izateko". Horretarako, eskumenen eskualdaketa gakotzat jo dute. Nola ez, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak eta pentsioak parekatzeko aldarriak hor dirau.
Ildo horretan, Hego Euskal Herriko bi gobernuak ere ahotan hartu dituzte. Borondate politikoaren adibide gisa jarri dute, Nafarroan erdietsitako akordioa, gobernuaren eta EH Bilduren artean, pentsio duinak izateko bidean urratsak emateko. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" iaz eginiko sinadura bilketaren bidez sustaturiko Herri Ekimen Legegilearen "aurka agertu eta eztabaidatzeko aukera ukatzea" kritikatu dute.
Pentsio duinak exijitzeko mobilizazioak
Egunotan (larunbatean Bilbon, nahiz aste hasiera honetan hiriburu eta herrietan) mobilizatu da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, tartean Gipuzkoako pentsiodunak, urteotan egin duten moduan, "gure aldarrikapenak premiaz artatuak izan daitezen". Espainiako Gobernuak 2027rako pentsioak %3-4an eguneratuko dituela jakinaraztearekin desados agertu dira. "Pentsioen erosteko ahalmenari eutsiko zaiola ziurtatu du" eta "hori ez da egia, azaroan urteko KPIa %5 ingurukoa izatea baita probableena. Gainera, aurten %2,7 igo zaizkigu, beraz, %5eko KPIaren aurrean, gure pentsioen erosteko ahalmenaren galera oso handia izango da".
Horregatik, Espainiako Gobernuari "gure pentsioen erosteko ahalmena bermatzea eta, horretarako, urte amaierarako %2,5eko konpentsazio-ordainsaria" galdegin dute eta %5eko igoera 2027rako". Horrekin batera, "gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea" exijitu dute.
Eusko Jaurlaritzari, bestalde, 2027ko aurrekontuetan "gutxieneko pentsioak LGSraino osatzeko beharrezko aurrekontu partida" esleitzea galdegin diote eta Nafarroako Gobernuari, "gutxieneko pentsioak LGSraino osa ditzala banakako izaerarekin".
Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak "pentsio sistema publikoaren defentsarako erakunde eta plataforma" gehiagorekin batera, Espainiako Gobernuari "gutxieneko pentsioen berme mekanismoa aldatzea galdegin zioten uztailean gutun bidez, "pobreziaren muga atalasea gutxieneko pentsioaren muga izan ez zedin, baizik eta horiek une bakoitzean ezarritako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzeko. Erantzuna ezezkoa izan da".
Aipatu mugimendutik gogorarazi dutenez, "gutxieneko pentsio kontributiboetarako eta ez-kontributiboetarako pobreziaren atalasearen kontzeptuak ezarritako mugak oso kaltegarriak dira. 2026an pobreziaren atalasea 872,85 eurokoa da 14 hilekotan. Eta kotizazio gabeko pentsioak, berriz, pobreziaren muga horren %75era murriztuta geratzen dira, 654,64 euro hilean".