24 orduko alerta laranja indarrean da

Noaua Aldizkaria

"Prezipitazio iraunkorra" tarteko, Eusko Jaurlaritzak atzo iragarritako 24 orduko alerta laranja indarrean da. Horrez gain, 80-100 kilometro orduko haize-boladengatik ere abisu horian izango gara hurrengo orduotan.

Udazken giro beteko eguna datorkigu. Adi egoteko modukoa izango da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak "prezipitazio iraunkorra" tarteko, alerta laranja indarrean jarri du. 24 orduko iraupena izango du, asteazken goizeko 9:00etatik ostegun goizeko 9:00etara luzatuko dena. Tarte horretan, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan 24 ordutan 80 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu; euria iraunkorra izan daiteke. Zaparradak zenbait lekutan handiak izan daitezke. Trumoi-ekaitzak izan daitezke".

Horrez gain, haizeagatik abisu hori bikoitza izango da indarrean hurrengo orduotan; eguerdiko 12:00etatik gauerdira arte haizeguneetan, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete" eta. Bestalde, haizeguneak ez diren tokietan, 12:00-18:00 artean izango da abisu horia indarrean, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 80 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete" eta.

Egunotarako iragarpena
Asteazken honetan, azaroaren 25ean, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "eguraldiak negu itxura hartuko du. Zaparradak edonon egingo ditu, hala ere euria sarriago eta mardulago egingo du Kantauri isurialdean, gainera baliteke tarteka trumoi-ekaitzak izatea; zenbait lekutan zaparrada handiak bota ditzake. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea zakartu egingo da, batez ere kostaldean, bolada oso gogorrekin".

Ostegunean, hilaren 26an, "zerua hodeitsu egongo da. Zaparrada txikia egingo ditu, zenbait lekutan ertainak gauean atertu egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean indarra galduko du eta ipar-osagaira egingo du, ahul-bizi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Ostiralean, hilaren 27an, "goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Zerua partez hodeitua egongo da; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Hego-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarteka bizia; arratsaldean ipar-mendebaldera egin dezake ahul. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.

Gomendioak
Datozen orduotako alerta laranja tarteko, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak "arreta handiz jokatzearen eta autobabeserako gomendioak jarraitzearen garrantzia" gogorarazi du. Honako gomendio sorta plazaratu du, "prebentzio-neurri gisa":
-Mendira irteerarik eta aire zabaleko txangorik ez egitea.
-Ibilgailurik ez aparkatzea eta kanpalekurik ez jartzea ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan, urak bat-batean gora eginez gero ezustean harrapa ez gaitzan.
-Ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen lekuetatik eta urpean gera daitezkeen garajeetatik ateratzea.
-Autoz beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea. Bidaiatzea ezinbestekoa bada, ahal dela, errepide nagusietatik eta autobideetatik zirkulatzea, arreta handiz.
-Urak edo haizeak eraman ditzakeen objektuak kentzea, bereziki kalteak edo kutsadura eragin ditzaketenak.
-Inguruko hustubideen egoera aztertzea eta oztoporik gabe mantentzea.

Larrialdi-egoeran:
-Ibaietatik, ur-lasterretatik, zubietatik eta urpean gera daitezkeen eremuetatik urruntzea. Urpean dauden eremuak ez zeharkatzea, ez oinez, ez ibilgailuz, uraren indarrak eraman baikaitzake.
-Mendi-hegalen eta muinoen behealdeak saihestea, lur-jausiak eta ur-, harri- eta lokatz-jausiak gertatzeko arriskua dela eta.
-Etxebizitza batean uholdea gertatuz gero, sotoak eta beheko solairuak lehenbailehen uztea eta leku garai eta seguruetara joatea.
-Etxebizitza utzi behar izanez gero, eta segurtasunez egin badaiteke, elektrizitatea deskonektatzea eta gasaren eta uraren giltzak ixtea.
-Egoera meteorologikoaren bilakaerari buruzko informazioa kanal ofizialen bidez jarraitzea.

Larrialdiren bat gertatuz gero, 112 telefonora deitu behar da.