Azaroak 25 ditu asteazken honek, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da. Udarregi ikastolak albiste honi atxikitako manifestua kaleratu du. Keinuen garrantziari egin diote azpimarra. "Indarkeria moztea gure esku dago. Askatasuna ere bai", dio aipatu manifestuak.
Horrekin batera, gaurkoan more koloreko osagairen bat soinean eramatera deitu dituzte ikasleak.
Moztu indarkeriaren haria. Hasi egunerokoan.
Batzuetan, ikusten ez diren hariek lotzen gaituzte. Hitz iraingarriek, mespretxuzko begiradek, txantxa mingarriek, kontrolak eta bazterketak hari gorri ikusezinak sortzen dituzte. Hari horiek korapilatu egiten gaituzte, mugitzeko askatasuna kentzen digute eta gure arteko harremanak trabatzen dituzte.
Askotan, garrantzirik gabeko gauzak direla pentsatzen dugu: «txantxa bat besterik ez zen», «ez da hainbesterako»... Baina hitzek eta jarrerek arrastoa uzten dute. Eta onartzen ditugun jokabide txiki horiek indarkeria elikatzen dute.
Baina hari horiek askatzeko ahalmena ere badugu. Ez da beti keinu handi bat behar. Nahikoa izan daiteke iraintzeari uztea, bestea entzutea, kontrolatu beharrean konfiantza izatea, baztertua denari lekua egitea edo injustizia baten aurrean isilik ez geratzea.
Keinu txikiak dira, baina askatasun handia ekar dezakete.
Gaur, Udarregiko komunitate osoak, txikienetatik handienetara, hari horiek mozteko konpromisoa hartzen dugu. Gure hitzek eta jarrerek ez gaitzatela lotu; elkar errespetatzeko, zaintzeko eta libre bizitzeko bidea ireki dezatela.
Indarkeria moztea gure esku dago. Askatasuna ere bai.