Azaroak 25

"Arrazoiak ez zaizkigu falta kaleak aldarriz, haserrez, amorruz, eta garrasi ozenez betetzeko"

Noaua Aldizkaria

Indakeria Matxistaren Aurkako Eguneko mobilizazioa egin dute asteazken iluntze honetan, euria tarteko frontoian.


"Misoginia eta transfobiaren aurrean autodefentsa feminista" aldarripean, elkarretaratzean bildu dira irudiotako herritarrak Indarkeria Matxistaren Aurkako egun honetan, euria tarteko frontoian, Mikel Laboa plazan egin ordez. Argi zioten moduan, "arrazoiak ez zaizkigu falta kaleak aldarriz, haserrez, amorruz, eta garrasi ozenez betetzeko". 

Azken urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoan hartuta hasi dute mobilizazio amaierako adierazpenaren irakurketa, abenduaren 11n Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak egingo duen "memoria kolektiboa indartzeko ariketa erraldoia" indartzeko eskaerarekin bat egiteaz gain.

"Ez dira garai errazak. Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko". Ondorioz, "hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak gara kolpatuenak".

Testuinguru horretan, "etor daitekenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean". 

Aliantzak egin eta antolatzeko garaia dela adierazi dute mobilizazioko deitzaileek; Usurbilgo Gazte Feministek, Emakumeon Etxeko Talde Sustatzaileak eta Udalak. "Ez ginen atzera egiteko jaio!".

Azaroak 25
Azaroaren 25a ate joka dugu beste urtebetez. Eta arrazoiak ez zaizkigu falta kaleak aldarriz, haserrez, amorruz, eta garrasi ozenez betetzeko.

Lehenik, azken urtean Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak gogora ekarri nahi ditugu; Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Indarrez eta goxotasunez beteriko besarkada bero bana haien senide eta lagunei Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean. Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko. Memorian bizirik mantenduko dugu. Memoria kolektiboa borrokarako tresna gisa ulertzen baitugu; oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako.

Bide horretan, gaurkoan, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak abenduaren 11n herriz-herri egingo duen memoria kolektiboa indartzeko ariketa erraldoia sustatzeko eta indartzeko deia egiten dugu. Indarkeria matxistari aurre egiteko urrats bat gehiago izan dadila, instituzioei ardura har dezaten exijitzearekin batera.

Bestalde, doakiela, beste besarkada bana munduko hamaika txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltzan emakume* eta sexu-genero disidente guztiei. Bereziki, Palestinara.

Genozidioarekin amaitu!

Ez dira garai errazak. Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko. Gorputzetan nahiz lurraldeetan. Aspalditik diogu hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak garela kolpatuenak. Eta baieztapen hori geroz eta era ageriagoan ari da materializatzen faxismoak, eskuin muturrak nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezkeen jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez.

Ez dugu feminismoaren instrumentalizazioa onartuko gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko. Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko. Kontrara, justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu.

Horregatik guztiagatik, gu ez gara etxean gelditzen ari. Kaleak hartzen jarraitzen dugu. Azaroaren 5ean, Ipar Euskal Herrian, greba eguna izan genuen bizitzaren garestitzearen aurka, Hego Euskal Herrian, azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen alde hartu genituen eta azaroaren 25ean, Euskal Herri osoan indarkeria matxistaren aurka hartuko ditugu. Ez ginelako atzera egiteko jaio. Etor daitekenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean.

Aliantzak egiteko garaia da, antolatzekoa. Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez. Ez gara etxean geratuko. Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok geroz eta indar gehiago batzen ari gara, eta berriro diogu: ez ginen atzera egiteko jaio!

Gaur, Usurbilen, beste urrats bat ematera goaz: indarkeria matxistarekiko guztiok dugun erantzukizuna erdigunean jarriz, antolaketa eredu kolektibo bat martxan jarriko dugu.

Urte hauetako ibilbidearen ondoren, beharrezkoa ikusi dugu Usurbilen indarkeria matxista publikoki salatzeko erantzun kolektibo eta antolatu bat eraikitzea. Izan ere, erantzun horren ardura ezin da feminista gutxi batzuen gain utzi. Ardura herritar eta eragile guztiona da.

Orain arteko funtzionamendua aztertu dugu, ditugun mugak identifikatu ditugu eta beste antolaketa eredu bat eraikitzeko lehen urratsak eman ditugu. Gazte feministen motorrak, Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak eta Udalak elkarlanean egin dugu bide hori, arduren banaketan eta erantzun publikoen antolaketan sakontzeko.

Hemendik aurrera, Usurbilen indarkeria matxista salatzeko deialdi eta erantzun publikoak modu kolektiboan antolatzeko bide bat abiatu dugu. Euskal Herriko erailketa matxisten aurrean zein Usurbilen gertatzen diren indarkeria matxista kasuen aurrean, erantzun publikoa bermatuko duen sare bat eraiki nahi dugu. Erantzuna ez dadila deialdia egiten duten feministen esku bakarrik geratu; herri osoarena izan dadila.

Horretarako, eragileon eta herritarron arteko sarea ehundu behar dugu eta modu horretara, ardura partekatu.

Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko gara; anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara, eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka ere bai.

Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde. Faxismoari feminismoz erantzungo diogu.

Gora borroka feminista!

Gora Euskal Herriko Mugimendu Feminista!