Azaroak 25

Indarkeria matxistari publikoki eta kolektiboki erantzuteko lankidetzarako bidea abiatu dute

Noaua Aldizkaria

"Usurbilen indarkeria matxista salatzeko deialdi eta erantzun publikoak modu kolektiboan antolatzeko bide bat abiatu dugu". Hala iragarri dute azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egun honetako mobilizazioan. Frontoian eginiko elkarretaratzearen aurretik, bilera egin dute Sutegin.

Aurtengo Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunak hitzordu bikoitza izan du. Urteroko elkarretaratzea egin dute frontoian. Baina aldez aurretik, bilera deitua zuten Sutegin, "indarkeria matxista publikoki salatzeko eragileen arteko antolamendua martxan jartzeko".

Bilkura amaieran, frontoian eginiko elkarretaratzean iragarri duten moduan, "antolaketa eredu kolektibo bat martxan jarriko dugu". Izan ere, urteotako ibilbidearen ondotik, beharrezkotzat ikusi dute "Usurbilen indarkeria matxista publikoki salatzeko erantzun kolektibo eta antolatu bat eraikitzea. Izan ere, erantzun horren ardura ezin da feminista gutxi batzuen gain utzi. Ardura herritar eta eragile guztiona da". 

Gazte feministak, Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak eta Udalak "orain arteko funtzionamendua aztertu dugu, ditugun mugak identifikatu ditugu eta beste antolaketa eredu bat eraikitzeko lehen urratsak eman ditugu". Ondorioz, "hemendik aurrera, Usurbilen indarkeria matxista salatzeko deialdi eta erantzun publikoak modu kolektiboan antolatzeko bide bat abiatu dugu" herri eragile gehiagorekin batera:


Azaroak 25
...Aliantzak egiteko garaia da, antolatzekoa. Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez. Ez gara etxean geratuko. Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok geroz eta indar gehiago batzen ari gara, eta berriro diogu: ez ginen atzera egiteko jaio!

Gaur, Usurbilen, beste urrats bat ematera goaz: indarkeria matxistarekiko guztiok dugun erantzukizuna erdigunean jarriz, antolaketa eredu kolektibo bat martxan jarriko dugu.

Urte hauetako ibilbidearen ondoren, beharrezkoa ikusi dugu Usurbilen indarkeria matxista publikoki salatzeko erantzun kolektibo eta antolatu bat eraikitzea. Izan ere, erantzun horren ardura ezin da feminista gutxi batzuen gain utzi. Ardura herritar eta eragile guztiona da.

Orain arteko funtzionamendua aztertu dugu, ditugun mugak identifikatu ditugu eta beste antolaketa eredu bat eraikitzeko lehen urratsak eman ditugu. Gazte feministen motorrak, Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak eta Udalak elkarlanean egin dugu bide hori, arduren banaketan eta erantzun publikoen antolaketan sakontzeko.

Hemendik aurrera, Usurbilen indarkeria matxista salatzeko deialdi eta erantzun publikoak modu kolektiboan antolatzeko bide bat abiatu dugu. Euskal Herriko erailketa matxisten aurrean zein Usurbilen gertatzen diren indarkeria matxista kasuen aurrean, erantzun publikoa bermatuko duen sare bat eraiki nahi dugu. Erantzuna ez dadila deialdia egiten duten feministen esku bakarrik geratu. Bide horretan gabiltza, Udala, Emakumeon Etxea, Gazte Feministak, Txirikorda, Ziortza, Ernai, Aztarrika, Orbeldi eta NOAUA!. Eta beste eragile zein herritar gonbidatua dago.

Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko gara; anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara, eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka ere bai.

Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde. Faxismoari feminismoz erantzungo diogu.

Gora borroka feminista!

Gora Euskal Herriko Mugimendu Feminista!