#A29

"Gure herriaren eta herritarren alde egitera goaz Madrilera"

Noaua Aldizkaria

Argazkiak: EH Bildu.

EH Bilduren Madrilgo Diputatuen Kongresurako hautagai eta Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrietak hedabide honi eskainitako azaroaren 29ko hauteskundeei begirako elkarrizketan adierazi digunez, "gure abiapuntua oso argia da: herritarren bizi-baldintzak hobetzea eta Euskal Herriak bere etorkizunaren jabe izateko tresna gehiago eskuratzea".

Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira azaroaren 29ko hauteskundeetan. Zeintzuk dira EH Bilduren hauteskunde-programako ardatz nagusiak?
Gure abiapuntua oso argia da: herritarren bizi-baldintzak hobetzea eta Euskal Herriak bere etorkizunaren jabe izateko tresna gehiago eskuratzea. Biak eskutik doaz. Izan ere, guretzat eskubide sozialak eta nazionalak ez dira elkarrengandik bereiz daitezkeen bi bide. Herritarrek hobeto bizitzea nahi dugu, eta herri gisa erabakitzeko gaitasun handiagoa eduki.

Oinarri horien gainean eraikitako hiru ardatz nagusi ditu gure programak: eskubide sozialak eta askatasunak; nazio aitortza eta autogobernua; eta, bakea eta bizikidetza. Eta horien baitan, proposamen zehatz mordoa.

Etxebizitzaren arloan, esaterako, argi hitz egin behar da: etxeak bizitzeko dira, ez espekulatzeko. Horregatik proposatzen dugu alokairuen prezioak mugatzea, kontratuei egonkortasuna ematea, alternatibarik gabeko familia kalteberen etxegabetzeak debekatzea eta etxebizitzen erosketa espekulatiboari mugak jartzea.

Lana eta enpleguarekin ere badugu zer egin. 32 orduko lan-asterantz jo nahi dugu, soldatak murriztu gabe; Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukera izatea; eta, kaleratzeen aurrean langileen eskubideak indartzea, besteak beste. Pentsioetan, sistema publikoa blindatzea eta gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren pare jartzea proposatuko dugu, gutxienez 1.220 eurora igota. Herritar orok merezi du bizitza duin eta zoriontsu bat, eta horretarako baldintza materialak konkistatzeko bidean jarraituko dugu, irmo.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio osasungintza, hezkuntza eta zaintza publikoak indartzea, aberastasuna bidezkoago banatzea eta trantsizio ekosozial justua bultzatzea. Eta, jakina, emakumeon, LGTBIQ+ pertsonen, migratzaileen eta egoera zaurgarrian daudenen eskubideetan aurrera egitea. Guretzat ez dago benetako aurrerapenik norbait atzean uzten bada. Eta badago beste funtsezko auzi bat: Euskal Herriak bere buruaz erabakitzeko eskubidea. Nazio aitortzan aurrera egin, autogobernua osorik garatu eta blindatu, eta euskararen zein euskal kulturaren etorkizuna bermatzeko tresna gehiago nahi ditugu. Bakearen eta bizikidetzaren arloan ere lanean jarraituko dugu, memoria demokratikoan, egian eta biktima guztien aitortzan sakonduz.

Azken batean, ez goaz Madrilera bertan egotera. Gure herriaren eta herritarren alde egitera eta ekitera goaz. Horretarako nahi dugu indarra.


Azaroaren 29ko hitzorduak Estatuko bi bloke handien arteko norgehiagoka dirudi. Zertan nabarmentzen da EHBilduk ordezkatzen duen proposamena?
Ez gara ekidistanteak izango: asko dago jokoan, eta oso argi daukagu non gauden. Baina gu ez gara Madrilen itzalpean ariko. Euskal Herritik ari gara, geure proiektuarekin eta geure lehentasunekin.

Gure konpromisoa ezaguna da: gure esku dagoen neurrian, PP eta Vox ez dira gobernura iritsiko. Eta horretarako ez dugu ezer eskatuko trukean. Guk faxismoari doan itxiko dizkiogu ateak. Baina hori ez da helmuga, abiapuntua baizik. Eskuin muturrari ateak ixtea ezinbestekoa da; haren gorakada elikatzen duten baldintzak aldatzea, ordea, funtsezkoa. Etxebizitza ordaindu ezinik edo soldata motzekin bizi denari ezin zaio beldurra bakarrik eskaini. Eskubideak, segurtasun materiala eta etorkizuna behar ditu. Esperantza antolatzea da kontua.

Horregatik diogu behin eta berriro EH Bilduren botoak balio bikoitza duela: bloke erreakzionarioari bidea ixteko balio du, eta, aldi berean, gehiengo aurrerakoia ezkerrerago eta urrunago joatera bultzatzeko balioko du.

Gehiengo aurrerakoiak benetan ausarta izan behar du, eta horretarako ezinbestekoa da Madrilen ezker subiranistak indartsu egotea. Gure indarra eskubide sozialetan aurrerapauso ausartagoak emateko eta Euskal Herriaren aitortzan zein erabakitzeko gaitasunean urrats berriak egiteko erabiliko dugu.

Horretarako dago EH Bildu: ez etsipena kudeatzeko, baizik eta esperantza antolatzeko eta eskubide gehiago konkistatzeko. Ez eskuinari ateak ixteko bakarrik, Euskal Herriari eta euskal herritarrei bide berriak irekitzeko baizik.