#A29

"Euskal agenda defendatzera goaz Madrilera"

Noaua Aldizkaria

Argazkiak: EAJ-PNV.

EAJ-PNV alderdiak Madrilgo Diputatuen Kongresurako Gipuzkoako hautagai eta zerrendaburu Maribel Vaquerok hedabide honi eskainitako azaroaren 29ko hauteskundeei begirako elkarrizketan adierazi digunez, "demokrazia eta autogobernua, Euskal etxea defendatu behar dugu". "Horretan, gure jarrera argia da: PP-Voxekin ezer ez. Inoiz ez".

Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira azaroaren 29ko hauteskundeetan. EAJ-PNV-ren hautes-programako ardatz nagusiak zeintzuk dira?
Demokrazia eta autogobernua, Euskal etxea defendatu behar dugu. Horretan, gure jarrera argia da: PP-Voxekin ezer ez. Inoiz ez. Euskal agenda defendatzera goaz Madrilera, edozein inboluziori aurre egitera. Horretan aritu gara 1931tik Agirrerekin eta 1977tik Arzalluzekin, eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean: Gernikako Estatutua osorik betetzen, Kontzertu Ekonomikoa defendatzen, eta Euskadiren nazio-aitortzan. Etxebizitza lehentasun. Gazte asko, lana eduki arren, ezin dira emantzipatu, ez dutelako etxebizitza erosteko edo alokatzeko adina diru. Arautu, bai, eta eraiki ere bai. Etxebizitzarik gabe ez dago etxebizitza-politikarik. Etxebizitza babestu gehiago eta azkarrago eraikitzeko, lurzoru publikoa erreserbatu eta tramitazioak arindu behar ditugu.

Usurbil “egin behar ez denaren” adibide aproposa da. Plan Orokor berria onartu du EH Bilduk, etxebizitza berriak egiteko gaitasuna murriztuz. Hutsik dauden etxeak alokairura atera behar dira, turismo jarduerak arautu, baina ezinbestekoa da etxebizitza berriak sustatzea. Magiarik ez da existitzen. Maizterrek ordaintzeko moduko alokairuak eta kontratu egonkorrak behar dituzte. Jabe txikiek, berriz, etxebizitza alokairuan jartzeko bermeak.

Migrazio arautua. Harrera eta integrazioa Euskaditik kudeatzeko eskumen eta baliabide gehiago nahi ditugu, eta Euskadi ipar-muga dela aitortzea eskatzen dugu. Integrazio horrek eskubideak bermatzea eta bizikidetzaren arauak errespetatzea eskatzen du. Enplegura sarbidea erraztu eta atzerrian lortutako tituluak aitortzea arindu behar ditugu, hona etortzen direnek beren lanbidean aritzeko aukera izan dezaten.

Segurtasuna ezinbestekoa da askatasunez bizitzeko eta elkarbizitzarako. Hiru ekimen lehenetsi ditugu: delituak behin eta berriz egiteari aurre egitea, epaiketa azkarrak bultzatzea eta arma zurien erabilera zigortzea. Prebentzioa eta bizikidetzaren kultura ere landu behar ditugu. Horrez gain, Ertzaintzak Europako polizia-lankidetzan zuzenean parte hartzea defendatuko dugu.

Industria eta enpleguaren apustua. Aberastasuna banatzeko, aurrez sortu beharra dago. Herri honen industriaren defentsa norbaitek egin badu hori EAJ-PNV izan da. Asko eta asko pankartan egon diren bitartean, gu industriaren defentsan egon gara, enpresak

Euskadin errotzea bermatzen, lehiakorrak izateko berrikuntza eta ikerketa aplikatzen; edota energia baldintza aproposak sortzen. Kalitatezko lanpostuei eustea da helburua. Horretarako soldatak hobetzea bultzatuko dugu, bereziki gazteenak. Pentsioak urtero KPIaren arabera eguneratzea eta gutxieneko pentsioak zein kotizazio gabekoak hobetzea ere defendatzen dugu.


Azaroaren 29ko hitzorduak Estatuko bi bloke handien arteko norgehiagoka dirudi. Zertan nabarmentzen da EAJ-PNVk ordezkatzen duen proposamena?
Guk argi daukagu: hauteskunde hauetan ez dago jokoan soilik nork gobernatuko duen Madrilen, baizik eta nork defendatuko dituen Euskadiren interesak. Sinestarazi nahi digute gorri ala urdin aukeratu behar dugula, bada guk berdea aukeratzen dugu.

EAJ-PNV ez da ez bloke baten ez bestearen menpekoa. Gure konpromisoa Euskadirekin da, eta gure lehentasuna euskal herritarren ongizatea, autogobernuaren defentsa eta gure nazioaren aitortzan aurrera egitea.

Beste batzuk Madrilgo lehia politikoan murgilduta dauden bitartean, eta estatuaren errelatoa guztiz asimilatu duten bitartean, guk Euskadiren ahotsa eraman nahi dugu Kongresura, geure agenda propioarekin. Akordioetarako prest gaude, baina betiere Euskadiren interesak mahai gainean jarrita.

Ez gara inoren sukurtsala. Ez gara Madrilera joaten inori txalo egitera, ezta inoren aginduak betetzera ere. Euskadiren interesak defendatzera goaz, autogobernuan aurrera egitera eta euskal herritarren eguneroko arazoei irtenbideak bilatzera.

EAJ-PNV ez zen jaio Madril gobernatzeko. Guretzat garrantzitsuena ez da Madrilen nork irabazten duen. Garrantzitsuena da Euskadik zer irabazten duen.