#A29

"Euskadiren eskubide eta askatasunak defendatzen ditugu"

Noaua Aldizkaria

Argazkiak: PSE-EE.

Madrilgo Diputatuen Kongresurako PSE-EE alderdiaren hautagaia eta Gipuzkoako zerrendaburua izango da Rafaela Romero azaroaren 29ko hauteskundeetan. Hedabide honi eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "guk alternatiba demokratiko bat ordezkatzen dugu: eskubideak bermatzen dituena, aukerak zabaldu eta gehiengo sozialaren bizi-baldintzak hobetzen dituena".

Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira azaroaren 29ko hauteskundeetan. PSE-EEren hautes-programako ardatz nagusiak zeintzuk dira?
Gure hauteskunde-programa herritarren kezka nagusietan oinarritzen da: etxebizitza eskuragarria izateko aukera, pentsio duinak, soldatak, feminismoa eta eskubide eta askatasunen defentsa. Eta, bereziki, gure gazteek aukerak, enplegu egonkorrak eta soldata duinak izatea, emantzipatu eta beren bizi-proiektua eraiki ahal izan dezaten.

Etxebizitza eskubide sozial handi bat da, eta gure lehentasunetako bat. Etxebizitza publiko eta babestu gehiago eraikitzea eta horien arauketa defendatzen dugu.

Euskadin, etxebizitza-politiken eredu bat dugu, Denis Itxaso sailburua bultzatzen ari dena. Herritarrentzako alokairu eskuragarriko etxebizitza-parkea handitzeko neurriak jasotzen ditu, bereziki gazteei begira. Badakigu, ordea, arazo horrek administrazio guztien inplikazioa eskatzen duela: udalak, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Pedro Sanchezen gobernuak bere konpromisoa bete du, eta horren erakusgarri dira Donostiako Benta Berrin eta Martutenen egiten ari diren jarduketak, baita Gipuzkoako beste udalerri batzuetan garatzen ari direnak ere.

Beste ardatz nagusietako bat hazkunde ekonomikoaren onurak soldatetara, erosketa-saskira eta pentsioetara iristea da. Ez da nahikoa ekonomia haztea; hazkunde hori familien bizi-baldintzen benetako hobekuntzan islatu behar da.

Pentsioei dagokienez, bizi-kostuaren arabera eguneratzea defendatzen dugu, baina baita gero eta duinagoak izatea ere. Pedro Sanchezen gobernuak, bereziki, emakumeen pentsioak, alarguntza- eta zurztasun-pentsioak eta kotizaziopekoak ez diren pentsioak indartu ditu, premia handia baitzuten. PSOEk bermatzen duen ereduan aurrera egiten jarraitu nahi dugu: gaur egun erretiroa hartuta daudenak babesten dituen eredua, eta pentsioen kutxa indartzen duena, datozen belaunaldien pentsioak ere bermatzeko.

Pentsioez gain, soldatak ere badaude. Pedro Sanchez gobernura iritsi zenetik lanbide arteko gutxieneko soldata ia 600 euro igo da. Aurrerapauso funtsezkoa izan da, eta batez besteko soldatak hobetzen ere lagundu du.

Feminismoa ere gure nortasun-ezaugarrietako bat da. Lortutako aurrerapausoak zalantzan jartzen dituztenen aurrean, PSOE lanean arituko da emakumerik ez dadin aukera edo eskubide gutxiagorekin geratu emakume izate hutsagatik. Horrez gain, Euskadiren eskubide eta askatasunak defendatzen ditugu: autogobernua, Ekonomia Ituna, nortasuna, hizkuntza eta gure herriko funtsezko gaiei buruz lortutako akordioekiko errespetua.


Azaroaren 29ko hitzorduak Estatuko bi bloke handien arteko norgehiagoka dirudi. Zertan nabarmentzen da PSE-EEk ordezkatzen duen proposamena?
Guk alternatiba demokratiko bat ordezkatzen dugu: eskubideak bermatzen dituena, aukerak zabaltzen dituena eta gehiengo sozialaren bizi-baldintzak hobetzen dituena. Lortutako aurrerapausoak arriskuan jartzen dituen eskuinaren eta eskuin muturraren aurrean. Bi eredu oso desberdin daude: eskubideetan eta ongizatean aurrera egin nahi dutenena, batetik, eta gehiengoarentzat murrizketak, atzerapausoak eta sakrifizioak proposatzen dituztenena, bestetik.

PPk eta Voxek sakrifizioez hitz egiten dutenean, badakigu nork ordaintzen dituen azkenean: klase ertainak eta langile-klaseak. Haiek gutxi batzuen pribilegioak babesten dituzte; guk, berriz, oparotasuna banatzea eta familietara, langileengana, pentsiodunengana eta gehien behar dutenengana iristea defendatzen dugu.

Azaroaren 29an Kongresurako eta Senaturako ordezkari batzuk aukeratzea baino askoz gehiago erabakiko dugu. Aurrera egiten jarraitu edo atzera egin aukeratuko dugu. Gehiengo soziala babesten duen gobernu baten eta lortutakoaren zati handi bat desegin nahi duen eskuinaren eta eskuin muturraren artean hautatuko dugu. Eta guk argi dugu zein aldean gauden: jendearen, haren eskubideen eta ongizatearen alde.