Sutegi udal liburutegiak egunotarako beste hiru hitzordu deitu ditu; hiruretan Yolanda Arrieta Malaxaetxebarriak parte hartuko du. Hirurak bere sorkuntza lanei lotutako saioak izango dira.
Hasteko, bere bi lan izango dituzte hizpide beste hainbeste irakurketa solasaldietan. "Mari Xor" izenekoez arituko dira ostiral honetan, hilaren 27an. "Geure herentziatik sorturiko maitagarri-ipuina duzue Mari Xor. Euskal Herrian kokatuta dago, baina mundu osoan uler daiteke: unibertsala da. Jaso dugun bezala doakizue, jantziz berrituta. Maitagarri-ipuin bat, XXI. mendean. Zergatik, ez?".
Horrez gain, Arrietaren "Zurtz" sorkuntza lana ere hizpide izango dute hurrengo astelehenean, hilaren 30ean. Hala dio liburu horren aurrerapenak: "Katik jakin-min handia dauka baina ez du eskola maite. Zurtz sentitzen da eta dozena erdi urte falta du adinez nagusi izateko. Gari umezurtz-etxe batean hazi zen. Laurogei urte dauzka, baina pirata bat dirudi bere belarritako eta mototsarekin. Artista askea dela esaten du, eta ez duela inoiz zergarik ordaindu. Katiren aitak gela bat jarri dio ganbaran, soilik argazkitik ezagutu duen aitaren iguala delako: haren anaia bikia.... ".
"Zurtz" sortze lanagatik, azaroaren 20an, Euskadi Literatura Saria jaso zuen Yolanda Arrietak, euskarazko Haur eta Gazte Literatura Euskadi Literatura Saria hain zuzen.
Azkenik, iaz hasitako sorkuntza lan sortari segida emanez, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, bezperan, abenduaren 2an, NOAUA! K.E.-rentzat sortutako “Pox, Mox eta Trumoi -2- Euri eguna” ipuina aurkeztuko du udal liburutegian, aste honetako NOAUA! aldizkariarekin banatu duguna hain zuzen.
Udazkena liburutegian
Azaroak 27, ostirala
17:00 Irakurketa solasaldia 9 urtetik gorakoentzat. Yolanda Arrietaren “Mari Xor” liburua izango dute mintzagai.
Azaroak 30, astelehena
17:00 Irakurketa solasaldia 12 urtetik gorakoentzat. Euskadiko Haur eta Literatura Sariaren irabazle Yolanda Arrietaren “Zurtz” liburua izango dute mintzagai.
Abenduak 2, asteazkena
18:00 Yolanda Arrietak eta Ane Arzelusek NOAUA! K.E.-rentzako prestaturiko “Pox, Mox eta Trumoi -2- Euri eguna” ipuinaren aurkezpena Sutegi udal liburutegian.
Nori zuzendua: 2-6 urte arteko haurrentzat eta haien familientzat.
Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Sutegi udal liburutegia.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.