Mende laurdeneko Erle Eguna igandean

Noaua Aldizkaria

Igande honetarako, azaroaren 29rako antolatu dute mende laurdeneko, 25. Erle Eguna. Hauteskunde egun ezin gozoagoa biziko du Usurbilek.

Hauteskunde egun gozoa datorkigu, omentzeko modukoa izango dena gainera. Izan ere, Espainiako Gorteak (Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua) berritzeko azaroaren 29rako deitutako bozketa eguna hilabeteko azken igandean izango da. Ohi denez, urte luzez antolaturiko hitzordu gozoenarekin egokituko da; Erle Egunarekin hain zuzen. Aurtengo edizioari azpimarra berezia egin behar zaio. Mende laurdena beteko du Erle Egunak, 25. edizioa ospatuko dute frontoian eta plazan. Ez dira faltako, herritarrek eskuzabalik hartutako osagai estimatuak; besteak beste, erlea, eztigintza eta haren bueltako kulturaz pedagogia egingo duten erakusketak. Eztia yogurtarekin dastatzeko aukera izango da, besteak beste. 

Sukaldari ezagunak epaile
Goizari, gerora sarituko diren txapelketako gaiak bilduta ekingo diote. Batetik, erlea eta bere bueltako kultura marraztu ahalko du belaunaldi gazteenak. Bestetik, postre gozoak sukaldatu eta Erle Egunera aurkezturikoen artean, haien arteko sariketa egingo da. Gogoan izan, herritar orok parte hartu ahalko du ekimen horretan. Postreok ezinbesteko osagaia izan beharko dute; eztia.

Horrez gain, nola ez, gozogintzako posturik ez da faltako azokan. Postuetatik barrena osteratxoa nahiz erosketak egiteko aukera izango da. Horrekin batera, eztia eta txokolate gozoa ere dastatzeko moduan jarriko dute antolatzaileek, Erle Lagunak taldeak. Bestalde, Bedaioko Balerdi mendiaren altzoan erlezaintzan dihardutenek tailerra eskainiko dute datorren Erle Egunean. Eta, nola ez, marrazki eta postre lehiaketez gain, belaunaldi ezberdinetako herritarren ikusmin handiena pizten duen unea berrituko dute 25. Erle Egunean. Salbatore elizatik frontoira erlea jaitsiko den momentuaz ari gara. Bere eskutik helduko dira, eztigintza txapelketan lehiatuko diren jaki gozoen sariketako txapelak. Goizean zehar, epaimahaiak ezti lehiakideak behatu eta dastatu ostean hartutako erabakiak ezagutzeko unea izango da. Erle Lagunak antolakuntza taldetik iragarri dutenez, sukaldari oso ezagunen topalekua izan daiteke aurtengo edizioa.

Ikusmin handieneko unea
Erle Lagunak taldetik urteko hitzordu gozoenean murgiltzeko gonbita bikoitza egin digute; batetik, "goiza gozo pasa nahi badute, etor daitezela Usurbilera!". Horrekin batera, nahi lukete honakoa ere, Julian Urkiolak aipatu digunez; "jendea ohitu dadila eztia hartzera, hori dugu oraindik naturalena". 

Antolatzaileen esanetan, xumetasun nabarmeneko edizioa izango da mende laurden honetakoa. "Beti berrikuntzak txertatzen saiatu izan gara. Baina oinarrizko osagaiak dira funtzionatzen dutenak", Ana Urdangarinen esanetan eta horiek lehenetsi dituzte aurtengoan; tartean, nola ez, oraingo honetan ere igande eguerdiko 13:30ak aldera biziko dena; erleak elizatik frontoira sariak ekarriko dituen ikusmin handieneko unea. "Goizetik etortzen zaizkigu galdezka noiz aterako den erlea", adierazi digu Urdangarinek. 

25. ediziora heldutako Erle Eguneko une honek bizi izan du aldaketarik. Herriko erlezain baten etxetik jaisten hasi ziren erlea. Eskuz mugiarazten dute eta nahiago izaten dute modu horretan egitea. Izan ere, erlea automatikoki elizatik frontoira jaistea bururatu zitzaien behin. Baina bezperan eginiko euriak aginte automatikoa kaltetu eta erlea jaitsi ezinik izan zuten. 

Horrez gain, bestelako eragozpenik ere izan dute 25 ediziootan. Izan ere, Erle Egunak mende laurdena baino ibilbide luzeagoa du Usurbilgo herri bizitzan. Besteak beste, covid19ak hamarkada honen hasieran eragindako osasun krisialdiak etenarazi zuen zenbait urtez hitzordu gozoena antolatzea, 2024ko haizeetek ere atzerarazi zuten edizio hura. 

Jatorrizko ediziotik hona izan du aldaketarik Erle Egunak. Urkiolak gogorarazi digunez, lehen urteetan Gipuzkoa mailako ezti txapelketa antolatzen zuten. Zortzi eskualdeetako txapelketa egiten zuten lehenbizi, "hortik hautaturiko hiru ezti onenak" izaten ziren Usurbilgo jaialdian. Gerora, Euskal Herriko txapelketa antolatzen hasi ziren, gaurdaino iraun duena. Ekimenaren hastapenak bizi izandakoek gogoraraziko duten moduan, ezti sarituen enkantea egiten zuten. 

Bi mehatxu
Hainbat bidelagun izan ditu Erle Egunak eta jaialdi horren bidez plazaraturiko kulturak, baita etsaiak ere. Bidelagunei dagokienean, auzolana izan du ardatz ekimenak, herritarren, Udalaren eta erlezainen bidelaguntza eta parte hartzea. Ezti txapelketan lehiatu izan dira urteotan Usurbilen erlezaintzan aritutakoak. Aurtengorako ere berri gozo askoekin heldu zaizkigu lerrootako elkarrizketatuak. "Usurbilgo lauzpabost ezti" aurkeztu daitezke azaroaren 29ko Euskal Herriko txapelketara, "aspaldiko urteotako herritarren parte hartze handiena" izango delakoan dira Erle Lagunak taldekoak. 

Aipatu moduan, ordea, bidelagunez gain, zoritxarrez, areriorik ez zaio falta jaialdi honetako protagonistari; erleari. Urkiolak bi aipatu dizkigu, kezka handiena eragiten dizkiotenak; erleei itsasten zaien "varroa" eta nola ez, liztor asiarra. Erlezain herrikideak, ordea, "varroa" mehatxu handiagoa dela adierazi du elkarrizketa honetan. Kontrolaezintzat jo du egoera. "Loreetara joaten da eta erleari itsasten zaio", Urkiolak azaldu digunez. Tratamenduekin asmatu ezinik dabiltza. Baliabideak falta dituzte egoera horri aurre egiteko. Urkiolaren esanetan, geroz eta zailagoa den testuinguruan, erakundeen laguntza eskatu du ikerketarako. 

Erlezainen defentsa
Izan ere, asko dago jokoan. Erlezainak gogorazi digun moduan, "erleak egiten du polinizazioaren %60-70a. Zenbat eta erle gehiago, orduan eta hobeto, naturalago elikatuko gara". Aldiz, gutxitzen doa erlea. Horren adibide argigarria jarri digu Urkiolak. Donostian, esaterako, hiri barruan, etxeetan jarritako "hogei bat erlauntza kentzera" joaten ziren lehen; "aurten, bost bat" baino ez dituzte kendu, izan ere, liztorrek ez diete halakorik egiten uzten erleei.

Horregatik, erlezainen egitekoa aldarrikatu eta defendatu du Urkiolak lerroon bidez. Ia denak, Urkiolak nabarmendu moduan, zaletu gisa aritzen dira, "natura eta erleak maite ditugulako". Haien ekoizpen lana goraipatu du Erle Lagunak taldeak. Horren erakusle Erle Egunean izan ohi dugun eztia. "Naturala eta freskoa da. Zergatik? Bertako erlezainak gara denok". Horrez gain, hainbat parametro bete behar ditu; %18tik beherako hezetasuna izatea, "ezti mota bat edo bitan izan ezik". Dastamena, usaimena, ezti horren egoera baloratzen dute. Zero kilometroko eztia lehiatzen da Usurbilen. "Kanpotik ekarritako eztiak ez du lekurik", ezta aurtengoan ere.



25. Erle Eguna
Azaroak 29, igandea
09:00-10:00 Ezti eta gozogintza bilketa, postreen bilketa, marrazki lehiaketa.
11:00-14:00 Azoka:
-Balerdipekoen eskutik tailerra.
-Ezti eta txokolatezko goxoak.
-Ezti dastaketa.
13:30 Sari banaketa: eztigintza, gozogintza, marrazkiak.

Antolatzaileak: Erle Lagunak, Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Erlezain Elkartea, Goroxtitxo Eztiola, Mahala.