Azken orduotako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria

Bilbon izandako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu dute ostiral honetan, azaroaren 27an, iluntzeko 19:00etan Mikel Laboa plazan.

Bilbon izandako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako, azaroaren 27rako, iluntzeko 19:00etan Mikel Laboa plazan. "Gaur beste emakume bat erail du indarkeria matxistak Bilbon", dio deialdirako plazaraturiko kartelak. Dagoeneko sei dira, urte hasieratik indarkeria matxistak Euskal Herrian eraildako emakumeak. 34 urteko emakumezkoa gaur goizean hil da ospitalean, atzo bikotekide ohiak bere bi haurren aurrean erasotu ostean.

Antolaketa eredu kolektibotik
Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunetik ordu gutxira izan da erailketa. Azkenekoz, herenegun egin ziren indarkeria matxista salatzeko mobilizazioak. Usurbilgoa frontoian egin zuten. Bertan, besteak beste, aurrez Sutegin eginiko bilkura irekian aurkeztu eta partekatu moduan, "Usurbilen indarkeria matxista salatzeko deialdi eta erantzun publikoak modu kolektiboan antolatzeko bide bat abiatu dugu".

Frontoiko elkarretaratzearen amaieran iragarri zuten moduan, "antolaketa eredu kolektibo bat martxan jarriko dugu". Izan ere, urteotako ibilbidearen ondotik, beharrezkotzat ikusi dute "Usurbilen indarkeria matxista publikoki salatzeko erantzun kolektibo eta antolatu bat eraikitzea. Izan ere, erantzun horren ardura ezin da feminista gutxi batzuen gain utzi. Ardura herritar eta eragile guztiona da". 

Gazte feministak, Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak eta Udalak "orain arteko funtzionamendua aztertu dugu, ditugun mugak identifikatu ditugu eta beste antolaketa eredu bat eraikitzeko lehen urratsak eman ditugu". Ondorioz, "hemendik aurrera, Usurbilen indarkeria matxista salatzeko deialdi eta erantzun publikoak modu kolektiboan antolatzeko bide bat abiatu dugu" herri eragile gehiagorekin batera.

Gaurko elkarretaratzea iragartzeko deialdia eta bideraturiko antolaketa lana horren ispilu izan da.

Azaroak 25
...Aliantzak egiteko garaia da, antolatzekoa. Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez. Ez gara etxean geratuko. Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok geroz eta indar gehiago batzen ari gara, eta berriro diogu: ez ginen atzera egiteko jaio!

Gaur, Usurbilen, beste urrats bat ematera goaz: indarkeria matxistarekiko guztiok dugun erantzukizuna erdigunean jarriz, antolaketa eredu kolektibo bat martxan jarriko dugu.

Urte hauetako ibilbidearen ondoren, beharrezkoa ikusi dugu Usurbilen indarkeria matxista publikoki salatzeko erantzun kolektibo eta antolatu bat eraikitzea. Izan ere, erantzun horren ardura ezin da feminista gutxi batzuen gain utzi. Ardura herritar eta eragile guztiona da.

Orain arteko funtzionamendua aztertu dugu, ditugun mugak identifikatu ditugu eta beste antolaketa eredu bat eraikitzeko lehen urratsak eman ditugu. Gazte feministen motorrak, Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak eta Udalak elkarlanean egin dugu bide hori, arduren banaketan eta erantzun publikoen antolaketan sakontzeko.

Hemendik aurrera, Usurbilen indarkeria matxista salatzeko deialdi eta erantzun publikoak modu kolektiboan antolatzeko bide bat abiatu dugu. Euskal Herriko erailketa matxisten aurrean zein Usurbilen gertatzen diren indarkeria matxista kasuen aurrean, erantzun publikoa bermatuko duen sare bat eraiki nahi dugu. Erantzuna ez dadila deialdia egiten duten feministen esku bakarrik geratu. Bide horretan gabiltza, Udala, Emakumeon Etxea, Gazte Feministak, Txirikorda, Ziortza, Ernai, Aztarrika, Orbeldi eta NOAUA!. Eta beste eragile zein herritar gonbidatua dago.

Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko gara; anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara, eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka ere bai.