Ordubeteko tartean bi elkarretaratze iragarriak zeuden gaurkoan, baina bigarrena bertan behera utzi dute deitzaileek; Sarek iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan antolatua zuen hileroko azken ostiraletako mobilizazioa hain zuzen. Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde egitekoa zuten gaurko elkarretaratzeak azkenaurrekoa izan behar zuen. Izan ere, abenduan urteotako hileroko dinamika honi amaiera ematekoak dira.
Azken orduotan, ordea, Bilbon izandako erailketa matxistak goitik behera aldarazi du ostiral honetako, azaroaren 27ko Usurbilgo herri bizitza. Hasteko, EH Bilduk hauteskunde kanpainako azken ekitaldia deitua zuen 18:30etan Mikel Laboa plazan; herritarren argazki erraldoia atera asmo zuten. Aipatu moduan, ordea, Bilboko erailketa matxista tarteko, EH Bilduk gaurko iragarritako kanpaina amaierako azken ekitaldi guztiak etetea erabaki du; honenbestez, baita Usurbilen egin asmo zutena ere, "gaur goizaldean Bilbon gertatutako hilketa matxista salatzeko eta dolua adierazteko".
Ildo beretik, Sarek ere gaurko 20:00etan deitutako elkarretaratzea bertan behera utzi du azken orduan. Aipatu erailketa matxista salatzeko, ordubete lehenago, 19:00etan Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratzearekin bat egin eta aipatu moduan haien hitzordua bertan behera utzi dute.
Azken elkarretaratzea, abenduaren 31n
Gaurkoa zen, ohiko moduan Sarek egin asmo zuen hileroko azken ostiraletako elkarretaratzea. Izatez, azken-aurrekoa; azkena, abendukoa, berezia izango baita. Momentuz, Usurbilgo Saretik aurreratu dutenez, ezohiko egun eta orduan egingo dute mobilizazio berezi hori. Izatez, abenduko azken ostirala, hilaren 25ean egokituko da, jaiegun seinalatuan. Ondorioz, ia astebete atzeratu dute hitzordua. Urteko azken egunean, abenduaren 31n egingo du Usurbilgo Sarek aurtengo eta urte luzez, hilero eginiko dinamika honen amaierako elkarretaratze berezia. Ezohiko egunean egingo dute, baita ezohiko orduan ere. Eguerdi partean egin asmo dute.
Xehetasun gehiago, datozen asteotan eskainiko ditu Usurbilgo Sarek.
Bilbora begira
Gogoan izan, Euskal Herri mailako bilguneak bere baitan eginiko hausnarketa prozesutik amaitutzat ematea erabaki du hileroko azken ostiraletako elkarretaratzeen dinamika, presorik gabeko herrietan behintzat. Herri bakoitza bere modu eta erritmoan ematen ari zaio amaiera. Usurbili dagokionean, herri honetako Sare taldeak abenduaren 31n deituko du azken elkarretaratzea, urtarrilaren 9rako Bilbon antolatutako manifestazioaren aurretik alegia.
Azken deialdiak, beraz, Bizkaiko hiriburuko manifestazio horri begirakoak izatea nahi dute, besteak beste, baita euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde, urteotan hainbat herritar eta taldeek eginiko lana aitortzeko ere. Horren isla da, urria amaieran margotu zuten horma-irudia Zubiaurrenea kalean.
Urtarrilaren 9ko manifestazioa aspaldiko jendetsuena izateko deia
Gaur egitekoa zuten mobilizazioan gogorarazi asmo zuten deitzaileek, hauteskunde giro honetan ere, "Sare Herritarretik eta Etxeratetik konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lanean" dihardutela buru-belarri.
Salatu asmo zuten, "azken asteetan, entzutegi nazionaleko fiskalak argi" utzi duela "iraganeko agertokiak berriro ere gurera ekartzeko nahia. Hainbat izan dira euskal presoek eskubidetzat dituzten gradu progresioei ezarritako errekurtsoak eta beraz, gradu erregresioak. Azken egunetan adierazi dugun moduan, ez gaude prest horren beharrezkoa dugun elkarbizitza agertokien eraikuntzari, eskaini nahi zaizkien traba eta oztopoak ontzat emateko".
Sarek argi du hurrengo asteak erabakigarriak izango direla. "Herri honetan hamarkada luzez sufrimendu izugarria eragin zuen biolentziaren biktimen errekonozimenduan eta aitortzan, urratsak ematen jarraitzea ezinbestekoa izango da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean urratsak ematen jarraitzearekin batera. Beharrezkoa dela uste dugu".
Ildo horretan, "urteak daramatzagu lanean euskal gizartearen gehiengo batek eta lanean jarraitzeko konpromezuan berresten gara". Bide horretan, urtarrilaren 9an manifestazio nazionala deitua dute Bilbon. "Aipatu dugu hainbatetan azkena izan beharko lukeela, hain zuzen, oraindik emateko ditugun urratsak gaindintzearen adierazlerik argiena litzatekeelako".
Horregatik, Sarek "urtarrilaren 9ko manifestazioak aspaldiko jendetsuena" izateko deia egin du. "Euskal gizartearen gehiengoaren nahia da kalera atera behar duguna, sufrimenduak gainditu eta behingoz, bakean biziko den Euskal Herria irudikatu behar dugu urtarrilean Bilbon. Urrats horiek eman gabe ezinezkoa izango baita, oraindik behintzat, elkarbizitza agertokietara jauzi egingo duen euskal gizarte bat irudikatzea".
Sareren datozen deialdiak
Abenduak 31, osteguna
Egunerdi partean, azken ostiraletako elkarretaratzeen dinamikaren amaiera, Mikel Laboa plazan.
Urtarrilak 9, larunbata
17:00 Manifestazio nazionala Bilboko La Casillatik, "Helmuga: denak etxera" aldarripean.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.