Irudiotan ikusgai dituzuen produktuez hornituriko otarrak eskuratu nahi badituzue, adi lerrootako xehetasunei. Izan ere, larunbat honetan, azaroaren 28an frontoian eginiko Hurbilagoren Udazkeneko Azokaren baitan, 650 Usurbil Bizi otarra aurkeztu dute. Ekimenak iraun artean, aurtengoan otarrok izango duten eskaintza estreinakoz ezagutzeko aukera izan dute bisitariek. Haien egileen ordezkaritza bat ere bildu dute azokan, albiste honi atxikitako talde argazkirako hain zuzen.
Guztira, Usurbilgo berrogei sortzaileren eta ekoizleren produktuek hornituko dituzte saskiok bere bosgarren edizioan. Azaroaren 6ra arteko epealdia izan zuten izena eman eta otarretarako egin nahi zuten ekarpena aurkezteko. Batetik, kultura eta sormen industriari lotutako produktuak izango ditu aurtengo otarrak: liburuak, diskak, osagarriak, zurgintzako produktuak... Horiez gain, lehen sektoreko eta elikaduraren industriako produktuen eskaintza ere aurkez zitekeen deialdira, faltako ez direnak aurtengo otarrean. Oraingo honetan, gainera, nobedade gisa, herriko establezimenduetan xahutzeko bonoak ere eskuratzeko aukera izango da.
Ikusgarritasuna eta tokiko kontsumoa
Ekoizleen nahiz sortzaileen eta haien eskaintzaren berri zehatzago emango dute egitasmo honen antolatzaileek egunotan. Izan ere, abiatzear da eta, otarron zozketarako prozedura. Aurreko urteen antzera, herriko saltoki txikietan erosketak egitearen truke, ekimenean parte hartzeko txartelak eskuratuko dira. Txartelon arteko zozketa egingo du egitasmoarekin bat egindako saltoki bakoitzak abenduaren 26an eta biharamunean, frontoian egingo den ekitaldi bidez emango dira otarrok.
Aurreko edizioen ildotik, bi helburu nagusi ditu Hurbilago elkarteak, Usurbilgo Udalak eta Kulturguneak sustaturiko ekimenak; sustatzaileen esanetan, "herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna ematea", baita "herrian bertan kontsumitzea bultzatzea" ere.
Zozketaren prozedura
Azaroak 30-abenduak 26
Herriko tokiko saltoki txikietan eginiko erosketak saritzeko, erosketon truke otarren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratu ahalko dira.
Abenduak 26, larunbata
Herriko establezimendu bakoitzak sarituak erabakiko ditu zozketa bidez.
Abenduak 27, igandea
13:30 650 Usurbil Otarren banaketa ekitaldia Usurbilgo frontoian.