Giro eguzkitsua lagun, lehen unetik izan ditu bisitariak joan-etorrian. Izan ere, giro ederra izan da Hurbilago elkarteak larunbat honetan, azaroaren 28an, Usurbilgo frontoian antolaturiko Udazkeneko Azokan.
Giro ederrak bisitariak erakarri ditu goizeko azken orduan eta eguerdian zehar eginiko ekimenera. Aurpegi ezagun ugari ikusi ahal dira postuetan. Herri merkataritza, artisautza eta eragile hainbaten erakusleihoan bilakarazi du hitzordua Hurbilagok.
Ikusmiran aritu dira, erosketak egiten, eta postuen alde bateko zein bestekoak hartuemanetan, elkar ezagutzen, postuetan eskuragarri jarritako eskaintzaz berriketan. Postuotan eginiko erosketen truke, herriko sagardoa edan eta tokiko gaztaingileek prestaturiko jakiak dastatzeko aukera izan da.
Antolatzaileek iragarri moduan, "liburu eta diskoen azken nobedadeak, ipuinak, koadernoak, jostailuak, diseinu bereziko kamisetak, sudaderak, poltsak, motxilak, zeramika produktuak, bitxiak, laminak eta ilustrazioak, panpinak, kandelak, egurrezko produktuak eta gehiago" izan dira eskuragarri.
Honako hauek parte hartu dute:
-Usurbildik: Jox, Makaë, Maixux, Xüka Eskuz Egina, Lizardi liburudenda, Iratze, Valkyrja, Sleepy Mimosa eta Dale Kandela, Zurgai, Azi, Iñurri elkartea, Anaiet.
-Gonbidatuak: Ni Naiz, Anika Nahiak, Kolore, Hemendik Hara, Urluma, Ciaobellaido, Amaetabiok, Crea, Lajtau Crafts, Aldaxka, Tai Day Studio, Norte Jewellery, @Agur.Handamade, Bihurri.