Heldu da ikusmin handia sortutako bozketa eguna. Goizeko 9:00etatik zabalik dira Espainiako Gorteak (Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua) berritzeko botoa emateko hauteslekuak. Udarregi ikastolako erdiko aretoak ditu mahai gehien eta hantxe izan gara irekiera unean.
Normaltasun osoz osatu dituzte mahaiak. Gunea, goizeko 9:00etan ireki dutenerako botoa emateko zain ziren hainbat herrikide. Lehen minutuetan, etenik gabekoa izan da herrikideen joan-etorria. Gogoan izan, arratsaldeko 20:00ak arte zabalik izango dituzue hauteslekuok.
Hautesleku berria
Zortzi dira zabalik izango dituzuen hauteslekuak udalerri honi dagokionean, guneotan hain zuzen; Udarregi ikastolaren eraikin gorriko erdiko aretoan, Aginagako eskolan, Santuenea K.E.-ren egoitzan, Zubieta Lanbide Eskolan (Donostia aldean bizi diren zubietarrek eskola txikira jo beharko dute) eta estreinakoz, Ugartondoko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan. Izan ere, haur eskolaren Kalezarko eraikina birgaitze lanetan izango dute. Ondorioz, Txirikordaren sotoan egokituko dute Kalezarko hauteslekua. Norbera non dagoen erroldatua, gune batera edo bestera jo beharko du botoa ematera. Zuen bizilekuan jasotako errolda-txartelean zehaztua duzue nora jo.
Hautagaiak
Oraingo honetan, bi erakunde berrituko dira; batetik, Madrilgo Diputatuen Kongresua eta, bestetik, hiriburu berean kokaturiko Senatua. Gipuzkoak Diputatuen Kongresuan izango dituen sei eserlekuak eskuratzeko hamaika eragile politiko lehiatuko dira: EHBildu, PSE-EE, EAJ-PNV, PACMA, Frente Obrero, Aulki Zuriak, VOX, Podemos, PP, PCTE eta Frente Amplio. 2023ko azken hauteskundeetan baino bi alderdi gutxiago aurkeztu dira deialdi honetara.
Gipuzkoak Senatuan lau eserleku izango ditu. Haiek eskuratzeko deialdira aurkeztu dira alderdiok: EH Bildu-ERC, EAJ-PNV, PACMA, Aulki Zuriak, Podemos, PCTE, SDP (PSOE-EZAN IU-MS) eta VOX. 2023ko hauteskundeetara baino hiru eragile gutxiago aurkeztu dira deialdi honetara.
Kongresurako bozketan, Gipuzkoako alderdien hautagai zerrendetako bat hautatu ahalko da; senatuaren kasuan, alderdi bereko edo desberdinetako hiru senatari.
24 herrikide hauteslekuetan
Iluntzeko 20:00ak arte, noiznahi joan ahalko gara hauteslekuetara botoa ematera. Lehenago joan behar izan dute, goizeko 8:00etarako hauteslekuetan lan egitea egokituko zaienek, mahaiak osatzera. Azaroaren 2an, Udalak eginiko zozketa bidez 72 herritar hautatu ziren. Haietatik 24 izango dira, igande honetan, hauteslekuetan lan egitea egokituko zaienak. Izan ere, zortzi hautesleku osatu beharko dira, bakoitza lehendakari bana eta bina bokalekin. Zortzi hautesleku izango direnez, guztira 24 herrikide arituko dira auzolanean gaurkoan, goizeko 8:00etako mahaien osaerara hautaturiko titularrek nahiz ordezkoek joan beharko duten arren.
Jarraipena
Hauteskunde egunean zehar, ohi bezala, parte hartze datuen berri emango da; 14:00etan eta arratsaldeko 18:00etan. 20:00etan hauteslekuak itxi eta berehala hasiko da botoen zenbaketa. Hauteskunde egunaren jarraipena webgune honetan bertan eta hedabide honen sare sozialen bidez egingo dugu.
Hauteskundeon emaitzetatik eratuko dira Madrilgo Diputatuen Kongresu eta Senatu berriak abenduaren 23an goizeko 10:00etan. Gero abiatuko da gobernu berria osatzeko prozedura.
Egungo ordezkaritza
2023ko uztailaren 23an egin ziren azkenekoz, Espainiako Gorteak berritzeko hauteskundeok. Orduko hartan, EHBildu nagusitu zen Usurbilen. Kongresurako hauteskundeetako botoen %54,53 eskuratu zuen; EAJ-k botoen %17,10 eta PSE-EEk botoen %13,71. Senatuari dagokionean, EH Bilduren senatariek jaso zuten babes handiena udalerri honetan (botoen %53-54), segidan EAJ-PNVkoek (botoen %17-18), eta gero, PSE-EEkoek (botoen %12-13).
Hauteskunde haien ondotik, legealdi honetan EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien bina diputatuk ordezkatu dute Gipuzkoa Madrilgo Kongresuan. Senatuari dagokionean, herrialde hau EH Bilduren hiru senatarik eta EAJ-PNV-ko senatari batek ordezkatu dute legealdi honetan.