#A29

2023an baino bederatzi pundu handiagoko parte hartzea 14:00ak arte

Noaua Aldizkaria

%45,45ekoa izan da Espainiako Gorteak berritzeko hauteskunde egun honetako parte hartzea 14:00ak arte. Azkenekoz, hau da, 2023ko uztailaren 23ko bozketa egunean, %36,20koa izan zen parte hartzea ordu horretara arte.

 

Jendea botoa emateko gogoz da. Euripean zain egon behar izan arren, parte hartzeko gogoz dira usurbildarrak Espainiako Gorteak (Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua) berritzeko hauteskunde egun honetan. Jendetsua izan ohi den Udarregi ikastolako hauteslekuan kabitu ezinik dira eguerdi parte honetan. Aterkipean, ikastolatik kanporainoko ilaran zain dira azken orduotan botoa emateko.

Parte hartze jendetsu horren adierazle argia da, 14:00ak arte izandako parte hartzea. Ordura arteko lehen datu ofizialak jakinarazi dituzte; %45,45eko parte hartzea izan da Usurbilen, aipatu moduan, arratsaldeko 14:00ak arte. Hauteskundeok azkenekoz egin ziren 2023ko uztailaren 23ko bozketa egunean baino 9,25 puntu handitu da parte hartzea udalerri honetan. Orduko hartan, %36,20ko parte hartzea izan zen.

Azken hamarkadako parte hartze handiena izan dute hauteskundeok Usurbilen. 2019ko apirilean soilik izan zuten %40tik gorako parte hartzea, %43,66koa. %40 ingurukoa izan zuten urte hartako hauteskundeen errepikapenean. %35-36ko parte hartzea izan zuten 2023ko eta 2016ko hauteskundeek.

Usurbilen bezala, parte hartzea nabarmen handitu da beste eremuetan ere. Eskualdeari dagokionean, eta 2023ko datuekin alderatuta, %35,31etik %48,79ra handitu da parte hartzea Andoainen, %36,20tik %46,28ra Astigarragan, %39,26tik %47,31ra Hernanin, %36,22tik %46,47ra Lasarte-Orian, %33,21etik %50,22ra Urnietan (17 puntuko igoera).

Gipuzkoari dagokionean, 9,75 puntu handitu da parte hartzea 14:00ak arte. 2023ko uztaileko hauteskundeeek, %38,62ko parte hartzea erakarri zuten 14:00ak arte, gaurkoek %48,37koa.

Arratsaldeko 18:00etan ezagutaraziko dute ordura arteko hurrengo parte hartze datua.

(Xehetasun gehiago, laster)

Parte hartzea 2026/11/29 2023/07/23 2019/11/10 2019/04/28 2016/06/26
14:00 %45,45 (2.334 boto) %36,20 (1.767 boto) %40,37 (1.900 boto) %43,66 (2.051 boto) %35,62 (1.666 boto)