#A29

%68,37ko parte hartzea 18:00ak arte, 2023ko hauteskundeetan baino ia 21 puntu handiagoa

Noaua Aldizkaria

Jada historikotzat jo daitekeen parte hartzea sustatzen ari dira 2026ko azaroaren 29ko hauteskundeok. Arratsaldeko 18:00ak arte %68,37ko parte hartzea erakarri du Espainiako Gorteak berritzeko bozketa egun honek. 2023ko hauteskundeetan baino ia 21 puntu handiagokoa da ehuneko hori.

Parte hartze historikoa, Espainiako Gorteak berritzeko azaroaren 29 honetarako deitutako hauteskunde egunean. Arratsaldeko 18:00ak arte, gaurkoan botoa ematera deituak zeuden usurbildarren %68,37ak parte hartu du jada, guztira, 3.511 herrikideek.

Datu itzela da. Aurreko hauteskundeekin, hau da, 2023ko uztailaren 23an eginikoekin alderatuta, orduko hartan, ordu horretan %47,90eko parte hartzea izan zen; gaurkoan, aipatu moduan, %68,37ko parte hartzea izan da arratsaldeko 18:00ak arte. Ia 21 puntu, 20,47 puntu handitu da parte hartzea udalerri honetan. Azken hamarkadako datuak adibide gisa hartuta, gehienez jota %59koa izan da parte hartzea ordu horretan Usurbilen.

Parte hartzean izandako handitzea askoz handiagoa izan da Usurbildik kanpo ere. 2023ko datuekin alderatuta, eskualdeari dagokionean, Andoainen %45,41etik %66,82ra handitu da parte hartzea, %47,47etik %67,53ra Astigarragan, %56,59tik %68,24ra Hernanin, %46,74tik %66,74ra Lasarte-Orian eta %44,94tik %68,42ra Urnietan. Gipuzkoan ere joera bera; %52,82tik %68,91ra handitu da parte hartzea 2023tik gaurko deialdira.

Iluntzeko 20:00ak arte zabalik segiko dute hauteslekuek. Une horretan, 20:00etan itxiko dira eta hasiko da botoen zenbaketa. Botoen zenbaketan zehar jakingo da, zenbatekoa izan den, jada historikotzat jo daitekeen egun osoko parte hartzearen ehunekoa.

Parte hartzea 2026/11/29 2023/07/23 2019/11/10 2019/04/28 2016/06/26
14:00 %45,45 (2.334 boto) %36,20 (1.767 boto) %40,37 (1.900 boto) %43,66 (2.051 boto) %35,62 (1.666 boto)
18:00
%68,37 (3.511 boto) %47,90 (2.338 boto) %57,62 (2.712) %59,60 (2.800 boto) %49,88 (2.333 boto)