"Larrialdi-egoeran dago Zubieta, eta Usurbil ingurua ere". Kartzela ere Zubietan eraikiko dutela jakin aurretik, hala zioen, Donostiako Udalak Loiolako militarren kuartela Zubietara lekuz aldatzeko Espainiako Gobernuari eginiko eskaeraren aurka, udalbatzak irailaren 25eko osoko bilkuran onarturiko EHBilduren mozioak. Militarren kuartelaz gain, Zubietan kokatzea aurreikusiak dauden gainerako proiektuak ere ahotan hartzen zituen. "Zubietarren nahia eta hitzari muzin eta entzungor egin, eta erosoak eta inork nahi ez dituen proiektuak Zubietan kokatzeko asmoarekin temati jarraitzen dute Gipuzkoako EAJko eta PSEko agintariek: errauste-planta, presoen gizarteratzeko zentroa eta kuartela".
Mozioak proiektu guztiokiko kezka agertzen zuen. "Usurbildik, Zubietatik bezalaxe, kezkaz bizi ditugu Zubietarako dituzten egitasmoak. Larrialdi-egoeran dago Zubieta, eta Usurbil ingurua ere. Izan ere, Zubietan ez ezik, Usurbilen ere izango dute eraginik, proiektu batak zein besteak: gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, inongo inposiziorik gabe, aire garbia arnastu nahi dugu eta ez dugu militarrik nahi gure inguruan. Ez Donostian, ez Zubietan, ez inon!".
"Ez ditugu militarrak gure herrian eta bere inguruan izan nahi"
Donostiako Udalak Loiolako militarren kuartela Zubietara lekuz aldatzeko Espainiako Gobernuari eginiko eskaeraren aurka agertu zen udalbatza irailaren 25ean egin zuten osoko bilkuran. Gai honi lotutako mozioa aurkeztu zuen EHBilduk. Mozio honen alde bozkatu zuten bakarrak gobernu taldeko kideak izan ziren ordea. EAJ-ko ordezkariak abstenitu ziren, PSE-k aurka bozkatu zuen. Donostiako udal-gobernuari eta bereziki hiriburuko alkate Eneko Goiari zuzenduriko eskaera argi bat jasotzen du mozioak; "Loiolako kuartelak Zubietara lekualdatzeko asmoari uko egiteko. Ez ditugu militarrak gure herrian eta bere inguruan izan nahi. Gainera, ez du zentzurik Europako herrialde militarizatuenean kuartel berri bat sortzeko proposamenak, ez Zubietan, ez Loiolan, ez inon. Horregatik, eztabaidaren muinari heltzeko eskatzen diogu, hau da, nola lortu Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa. EHBildu prest dago zeregin horretan bide-lagun izateko".
Mozioaren bidez, udalbatzak "dei egiten die Donostia eta Gipuzkoako ordezkari instituzionalei Zubieta bakean uzteko eta zubietarrei aditzeko. Proiektuok bertan behera utzi eta zubietarren etorkizuna zubietarren esku uzteko eskatzen diegu".
Eskuzaitzetan proposatu diren proiektuen eskalak eta dimentsioak Donostia gainditzen duenez, "ezinbestekoa da eskualdearen iritzia aintzat hartzea". Donostiako Udalak kuartel militarraren leku aldaketa proposamena “Donostiatik Donostiara” eta "gainerako guztiei erreparatu gabe" proposatu duenez, Eusko Jaurlaritzari eta lurralde antolaketarako arduradunei esku hartzea eskatzen die.
Gai nahasketa, EAJ-ren esanetan
Jeltzaleen bozeramaile Josune Urkolaren esanetan, mozioak bi gai nahasten ditu; desmilitarizazioa eta Loiolako kuartel militarraren leku aldaketarena. Lehenengo gaiari dagokionean EHBilduren bidelagun izan daitezkeela zioen Urkolak, mozio bozkatu aurreko adierazpenen txandan. Baina nabarmentzen zuenez, udalek orohar, beren interes eta beharren arabera jokatzen dute, “hala egiten dute eta hala egin behar dute”. Ondorioz, gaiok ezin dira bere ustez sinpletasunez jorratu. Horregatik eta aipatu bi gai nahasten dituelako iragarri zuen bozketa aurretik, EAJ abstenitu egingo zela EHBilduk aurkezturiko mozioaren aurrean.
PSE, Donostian etxebizitzak eraikitzea lehenestearen alde
Mahai gainean zutena ez da gai berria, PSE-ren bozeramaile Fermin Oruek zioenez. Egungo eta aurreko Donostiako alkateak, Espainiako Gobernuan ministro aldaketa egon denero hamaika bidaia egindakoak direla gogorarazten zuen. Militarren kuartelaren leku aldaketaren eskakizuna aspaldiko kontua dela zioen, baina erantzuna beti berbera; ez dela aintzakotzat hartu izan. Bere alderdiak Donostiako Udalean duen taldeak maiatzean mozio bidez, hiriburuko Udaleko osoko bilkuran kuartela beste leku batera aldatzea proposatu zuela zioen, egunotan zabaldu denez, Martutene eta Astigarraga arteko lur eremu batera.
Loiolako egungo kuartel militarraren lur eremua Donostiak babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko behar duela nabarmendu zuen. Eta mozio bidez, leku aldaketaren aurka agertuta ere, leku aldaketaren aurkako eskaera ez dela aintzakotzat hartuko. "Kuartelik ez Zubietan, ez inon" ez dituela nahi adierazi zuen. Baina “gauza bat nahi duguna da” eta bestea zein den errealitatea. Horregatik, kuartela lekuz aldatzen ez bada, eta Loiolako eremu horretan babes ofizialeko etxebizitzak ezingo liratekeela eraiki esanda, mozioaren aurka bozkatzea erabaki zuen.
EHBildu oposizioari: "Herri interesen kontra ari zarete”
Oposizioko udal taldeen adierazpenak entzunda, udal gobernu taldeak hartu zuen hitza. Udalak inguruko herriekin harremanduta daudela jakinik, ingurukoak oso kontuan hartu behar dituela gogorarazi zien Xabier Arregi alkateak EAJ eta PSE-ri, "norberekeriaz jokatzea da bestela". Horregatik zioen, "udal guztiak behartuak gaude gure ingurua kontuan hartzera". Eta hori, "elkartasun ariketa sinple" bat baino ez dela gogorarazi zien oposizioko udal taldeei.
Gai honetan, norberekeriaren adibide argitzat jo zuen Donostiako Udala. Belartza eraikiz, erraustegiarekin edo kuartel militarrarekin, ez usurbildarrak ezta "zubietarrak ez ditu aintzat hartzen", proiektuokin kaltetzen dituztela zioen. "Mingarria da entzutea, gure lurrak eskaini dituztela kuartela" Zubietan kokatzeko. Eta argi adierazi zuen, ingurukoak kontuan hartu gabe norberekeriaz " jokatzen duenak ez du gure errespeturik merezi".
Eta zuzen adierazi zien udal bakoitzak bere interes eta beharren arabera jokatzen duela adierazi zuten oposizioko kideei. Legegintzaldi hasieratik herri gisa jokatzeko gonbita luzatu arren, "herri interesen kontra, alderdi interesekin jokatzen" ari direla.