Gipuzkoako nahiz estatu espainiarreko hainbat azpiegituren kokagunean bilakatuko da etorkizunean Zubieta. Industriagunearekin batera, Gipuzkoako erraustegia, Martutenekoa itxiaraziko duen kartzela eta gizarteratze zentroa eraikiko dira bertan. Loiolako militarren kuartela ere bertara lekuz aldatu nahi du Donostiako Udalak.
Erraustegia
Gogoan izan, erraustegiko lanak aurrerabidean dituztela. Ondoko irudia atera ahal izan genuen, Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolatuta, irailaren 23an obretara egin genuen martxan. ""Oraindik obren %11 baino ez dute egin. Geratu daiteke, alternatibak badaudelako eta hainbeste manipulaziorekin nazkatuak gaudelako", adierazi zuten aipatu mugimendutik martxaren biharamunean.
Aldaketarik edo atzerapenik ez bada, 2019ko uda parterako martxan izan nahi du erraustegia Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta erraustegiaren bueltan kokatuko diren gainerako azpiegiturak ere bai. Gogoan izan, iraila hasieran lanen bigarren eta azken faseari ekiteko hitzarmena adostu zuten Foru Aldundiak eta FCC-k. Azken fase honen baitan, 50.000 tona organiko tratatzeko gaitasuna izango duen biometanizazio planta bat eta erraustegiak sortuko dituen zepentzako 52.000 tona hartzeko gaitasuna izango duen planta bana eraikiko dira, 31.988 metro karratuko lur eremuan. Inguru honetako azpiegitura guztiak urtebete barru prest eta martxan egotea aurreikusten du Foru Aldundiak.
Kartzela eta gizarteratze zentroa
2005. urtean Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak sinatu zuten hitzarmenaren arabera, Martuteneko espetxea itxi eta haren ordez, Zubietan makrokartzela eraiki behar zuten. Denbora pasa, eta ez da izan mugimendu handirik gai honetan, azken aldira arte. Asmook bere horretan manvendu dira urte honetara arte. Udan, Zubietan espetxerik ez zela eraikiko zabaldu zen. Haren ordez, gizarteratze zentro bat kokatuko zutela Zubietan. Asteazken honetan (urriak 10) Espainiako Gobernuak baieztatu duenez ordea, gizarteratze zentro hau eta 200-300 presorentzako Tamina txiki-ertaineko espetxea eraikiko dute Zubietan, "ahal bezain laster", Martutenekoa ixtearekin batera.
Loiolako militarren kuartela
Argitzeke segitzen du zer gertatuko den Loiolako militarren kuartelarekin. Donostiako Udalak eremu horretan, Loiolan babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ahal izateko kuartela Zubietara lekuz aldatzeko eskaera luzatu zion iraila hasieran Espainiako Gobernuari. Momentuz ordea, Madrilek ez du gai honen gaineko erabaki zehatzik jakinarazi.
Gogoan izan, gai honen harira, Loiolako militarren kuartela Zubietara lekuz aldatzearen aurka agertu zen udalbatza irailaren 24ko osoko bilkuran. Gai honi lotutako mozioa aurkeztu zuen EHBilduk. Mozio honen alde bozkatu zuten bakarrak gobernu taldeko kideak izan ziren. EAJ-ko ordezkariak abstenitu ziren, PSE-k aurka bozkatu zuen. Zubietarako aurreikusiak dauden egitasmoekiko kezka agertzen zuen mozio hark. "Larrialdi egoeran dago Zubieta eta Usurbil ingurua ere".
Zubietako Herri Batzarreko ordezkariak pleno hartara joan eta hitza hartzeko aukera izan zuten. "Desmilitarizazioaren alde bagaude, kuartela ez da inon behar" zioen Nartxi Arrillaga, egungo Zubietako alkateak. Fernando Iturraldek laburbildu zuen egungo panorama. Donostiako Udala zubietarrekiko Judasen papera betetzen ari dela zioen. "Txanpon eta etxe batzuen truke saltzen ari da Zubieta".