Zubietako Eskola errebote plazatik kantuan eta dantzan eguberriei

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 21a, 13:49

Hitzordurako egoki jantzita, abesten eta dantzan borobildu dute 2018-19 ikasturteko lehen hiruhilekoa Zubietako Eskolan. Eguneroko ikastetxetik errebote plazara irten dira ostiral honetan, bertaratu diren guraso eta senideei abestu eta dantzatzera. Jai giroan egin diete harrera neguko oporrei. Errebote plazan eskainitako emanaldiaren ostean, gurasoek sukaldaturiko hamaiketako gozoa dastatu ahal izan dute.

 

Ondoko irudietan bildu dugu urte garai honetan eskaini ohi duten emanaldia. Ikasle mordoa argazkietan. Gogoan izan, iaz eskuratu zuela Zubietako Eskolak Lehen Hezkuntza osoa eskaintzeko aukera. Aurten estreinakoz, LH-ko laugarren maila abiatu dute. Hurrengo ikasturteetan, progresiboki mailaz maila ziklo osoa ezarriko dute seigarren mailara arte.

 

Emanaldian zehar, begirada elizako horman esekita dagoen erraustegi eta zasbortegi kutsakorren aurkako eta Zero Zabor ereduaren aldeko pankartara joan zaigu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenak betetzen badira, urtebete barruko Zubietako Eskolakoen emanaldia erraustegia martxan dela ospatuko da.